Zumaiako Futbol taldearen emaitzak eta ekainaren 12tik 13rako partidak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Futbol Taldea 2021ko eka. 8a, 23:06

Asteburu honetan mutilen ligan hiru partidu jokatu dira. Hemen azkenengo emaitzen xehetasunak.

Ohorezko jubenilek Hondarribian jokatu zuten partida eta 0 – 3 irabazi zuten. Partida oso parekatuta egon zen, baina zumaiarrek ondo jakin zuten indarrak neurtzen. Golak ere beren alde izan zituzten; goleatzaileak Aitor Alonso, Unai Gomez eta Oier Bordagarie izan ziren. Garaipen horrek txapeldun faseko finalerdietarako txartela eman zien. Jonanek eta Xabierrek entrenatzen duten taldea oso indartsu heldu da fase honetako finalerdietara, eta larunbat honetan, ekainaren 12an, jokatuko du Aita Mari futbol zelaian, 16:00etan. Zumaiarrek Bergara K.E izango dute aurkari. Ea ba finalerako txartela eskuratzen duten, etxean jokatzen dutela eta beren egoera ona kontuan hartuta.
 
Lehen mailako erregional mutilek, berriz, aurreko asteburuan partidua eduki zuten Mundarro taldearen aurka. Zumaiarrek partida galdu zuten 3 – 1. Ez zen gustuko partidua izan, ezin izan zuten aurkaria menderatu eta azkenean gol bakarra egin zuten. Gola Anas-ek sartu zuen, baina ez zen izan nahikoa partidari buelta emateko. Erregional taldekoek, asteburu honetan, 3 – 4 postua jokatu beharko dute txapeldun faseko postura sailkatzeko. Azken partidua ere etxetik kanpo izango dute eta aurkaria Amara Berri K.E izango da. Partida larunbatean, ekainaren 12an, izango da 17:00etan Martutene zelaian. Ea ba garaipen batekin bukatzen duten aurtengo azken partidua.
 
Preferente taldeko mutilek igandean jokatutako partida penaltietan erabaki zen; Roteta C.D-ren aurka aritu ziren. Lehen zatian askoz ere gehiago izan ziren zumaiarrak; 2 – 0 aurreratzea lortu zuten Axierren eta Aimarren golei esker. Azkenengo zatia bukatzear zegoela, azken minutuan, txartel gorria atera eta penaltia adierazi zuen arbitroak. Horren ondorioz, 2 -1 bukatu zen lehen zatia.
 
Bigaren zati osoa hamar jokalariekin jokatu zuten zumaiarrek, eta bost minutu falta zirela, partidua berdindu zuten Rotetakoek. Beraz, luzapena jokatzea bultzatu zuten kanpokoek; luzapeneko lehen zatian, kanpokoek aurrea hartu zuten, eta zati honetan, 2 – 3 aurreratu ziren kanpokoak. Zumaiarren taldean nekea nabaria zen, eta hamar jokalarirekin, aldapan gora jarri zitzaien partidua. Indarrez oso justu, lanean jarraitu zuten, baina gogotsu eta berdinketan sinesten. Luzapenaren azken segundoetan Aimar azaldu zen, eta ikaragarrizko gola sartu zuen norgehiagoka berriz berdinduz. Emaitza horrek partida penaltietan erabakitzea agindu zuen.
 
Zumaiarrak hasi ziren jaurtitzen penaltien txandan: Etxabe kapitainak bota zuen lehena eta aurreratu. Rotetakoek ere barrura, eta partidua berdinduta. Bigarrena Iraitz atezainak bota zuen eta kanpora jaurti zuen; Rotetak bigarren penaltia ere barrura. Hirugarren penaltia Aimarrek bota eta barrura; Rotetakoek ere barrura. Zumaiarrei aldapan gora jarri zitzaien. Laugarren penaltia Aitor harrobiko gazteak bota zuen, jokalari gaztea baina nortasun handikoa, eta barrura bota zuen. Rotetaren txanda zen, eta sartuz gero haiek sailkatuko ziren, baina Zumaiako beste kapitain Iraitzek penaltia gelditu zuen. Berriz kanporaketa berdinduta.
 
Azken penaltia taldeko beteranoetako batek bota zuen, Goñik; odol hotzez, ederki egin zuen bere lana. Rotetaren txanda zen berriz, eta huts eginez gero, zumaiarrak aurrera zihoazen. Nor agertuko eta, berriro, Iraitz atezain kapitaina: bere lanak ondo bete eta penaltia gelditu zuen.
 
Partida gogor hori aurrera aterata, zumaiarrak finalerdietara pasatu dira. Finalerdia igandean, ekainaren 13an, eguerdiko 12:00etan izango da. Partidua Beasain S.D. taldearen aurka izango da Beasainen, Loinaz futbol zelaian.