“Baloreak galdu gabe, ondo jokatuz ahalik eta goien geratzea da helburua”

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Futbol Taldea 2019ko abu. 9a, 09:53

Zumaiakoko preferenteetako Kepa Esnaola (entrenatzailea) eta Ander Astigarraga (laguntzailea) entrenatzaile berriei elkarrizketa.

Zumaiakok aurten preferenteetako entrenatzailea aldatu du pausu bat aurrera emateko asmoarekin.

Zergatik Zumaiako? 

Kepa: Felixekin hitz egin nuen eta bilera egindakoan ikusi nuen jendeak oso garbi zuela egin nahi zena.  Jende jatorra eta serioa ikusi nuen, gogoz gu hemen egoteko. Horregatik erabaki genuen hona etortzea.

Aurreko bi entrenatzaileekin taula erdian amaitu dituzte azken hiru denboraldiak, zein da aurtengo helburua?

Ander: Gu Antiguokotik gatoz eta beti izan ohi dugu gorako postuetan geratzeko helburua. Gure asmoa hemen berdina da. Baloreak galdu gabe, ondo jokatuz ahalik eta goien geratzea.

Nola prestatu aurredenboraldi bat aurpegi guztiak berriak direnean? 

K: Ez da ezer berria. Ia urtero izan dugu talde berri bat aurpegi berriekin. Normalean, egiten duzuna lana osatzea, jartzea, prestatzea… da. Zailena ohiturak hartzea izaten da. Maila desberdina da hau eta ez dugu inor ezagutzen aurten. Erne egon behar dugu hasieran eta guztion artean indartu behar gara. 

Aurreko entrenatzailearekin hitz egin zenuten taldearen berri izateko?

K: Jokalari pare bat daude Antiguokotik ezagutzen ditugunak. Klubeko jendearen bitartez informatu gara taldearen egoeraz.

Nola lortzen da denboraldi osoan zehar jokalariak taldean sartuta egotea? 

A: Taktika-teknika alor hori garrantzitsua da, baina garrantzitsuena taldea  behar bezala joateko "piña" bat izatea da. Giro on bat nahi dugu. Neurtzen jakin behar dugu orain, ez dakigu zailagoa edo errezagoa izango den baino desberdina da orain. Helduagoak dira eta bakoitzak bere bizitza dauka futbolataz aparte.

K: Askotan esaten da bakoitzak bere baloreak dituela. Guk bilera egin genuen denon artean eta hasieratik esan genuen seriotasun nahi genuela. Jendeari esan diogu zer nahi dugun eta zein den gure eta klubaren asmoa. Etortzen denak badaki konpromisoa eta seriotasun izan behar duela taldearekiko.

Jokalari bat taldetik at dagoela ikustean, zer egiten duzu?

K: Hori askotan ez da horrela izaten. Ez gara umeak. Azkenean, batek jarrera txarra badu zaila da buelta ematea. Anderrek esan duen bezala giro on bat sortzea da gakoa. Giro honekin guztiak bat izatea. Zumaiakok talde bakarra dauka goian eta hemen ezin dugu 16 jokalarirekin hasi. Gure plantilla handia izango da eta asmoa laneko giro on bat sortzea da, guztion artean. Entrenamenduak eta partiduak serio hartzea. Hori eta gero, guztiok izango dugu lasai egoteko aukera; Lagunekin, familiarekin… 

Gutxi gorabehera zenbat fitxa izango dira taldean?

K: Gehienez 25 fitxa egin ditzakegu. Normalean, 22 egiten ditugu, postuko 2. Atezainaren egoera ikusita 2rekin bagaude, bat min hartuta badago… ez dugu nahi jubeniletatik atezain bat igo ez dugulako nahi klubeko eskailera izorratu. Beraz, agian 3 izango ditugu.

Noiztik duzu gustuko futbola?

A: Txikitatik. Egia esan familiako inork ez du gustoko, baina nik txikitatik gustoko dut futbola. Niri amak Anoetara eramaten ninduen eta oroitzen dut txikia nintzenean beti baloiarekin negoela.

K: Ni 14 urterekin hasi nintzen jokatzen eta bitartean, entrenatzaile lanak ere egiten nituen. 8 urtez egon nintzen Real Club Sportingen eta orain 25 urte egin ditut Antiguokon. Denetarik egin dut. Biak elkarlanean 3 urte egon gara.

Nolakoa zara entrenatzaile bezala? 

A: Politena, ondo jokatzea nahi dugula esatea da… Azkenean irabazi nahi dugu, joko polita egiten badugu, hobeto. Jokalaria gogotsu egotea nahi dut. Intentsitatea bilatzen dugu, jokalariaren jarrera.

K: Urtero jende berria daukazu. Orduan, batzuetan jende hobea edo txarragoa izango duzu. Gakoa, lana ondo egitea da. Adibidez, orain dela bi urte txapeldunak izan ginen eta gol gutxien jaso zuen taldea izan ginen (jubenil talde guztietatik). Azkenean, sendotasuna bilatzen dugu. Ez dugu ezer asmatu behar, lana egin behar da eta guztiak martxan jarri behar dira. Eta hori da gure lana, taldearentzat lana egitea. Zer duzun ikusi behar da, zein zelai dauden… Hori eta gero taldea sortu behar duzu eta agian kanpoan beste joku bat egin beharko dugu zelaiaren arabera…