Xabi Etxabe: "Partiduetan aurkariaren menpe ez egotea dut gustuko"

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Futbol Taldea 2018ko ira. 13a, 17:26

Zumaiako Futbol Taldeko preferente mailako entrenatzaile berria da Xabi. Gaztea den arren, badu ibilbidea entrenatzaile lanetan. Munibe taldea entrenatu zuen lehen aldiz eta bertan entrenatzaile izateko gogoak piztu zitzaizkion.

Zergatik Zumaiako?

Motibazio aldetik beti dauka plus bat niretzat beste taldeekiko. Azkenean, txikitatik (infantiletatik) 26-27 urte nituenera arte bertan jokatu dut. Klub hau barrutik bizi izan dut eta entrenatzailearen aktibitateaz gain, zentzu emozionalean Zumaiakok ematen didana beste edonork ematen didana baino gehiago da. Orain dela pare bat urte jubenilak entrenatzeko aukera izan nuen, baina lana eta familia dela eta ezin izan nuen onartu. Aurten lehen taldea hartzeko aukera eman zidaten eta horrelako eskaintzei ezin ezezkoa eman.

Aurreko entrenatzailearekin taula erdian amaitu dituzte bi denboraldiak. Zein helburu daukazu zuk?

Une honetan hortaz hitz egitea gehiegi iruditzen zait. Oraintxe bertan sailkapeneko zenbaki bat esatea oso zaila da. Taldea aurreko urteetan jarraitu dut eta badakit (entrenamentuetan ikusi dut) aurreko entrenatzaileak lan asko eta ona egin duela, hori igerri dut. Orain ditudan jokalariek taktikoki asko dakite eta lana oso ondo egin denaren seinalea da.

Nola baloratzen duzu aurredenboraldia? Lagunarteko guztiak berdindu dituzue.

Egia da bai, guztiak berdindu ditugu, gainera gol gutxirekin. Nahi genituen emaitzak ez ditugu lortu, baina atzean talde gogor bat daukagula ikusi dugu. Gol gutxi jasotzea izango da aurtengo erreferentzietako bat. Hori lortzen dugun bitartean, beste gauza batzuk lantzeko denbora irabaziko dugu.

Buruan genuen guztia ez dugu egin. Izan ere, aurredenboraldiko entrenamentuetan talde osoa elkartzea oso zaila izan da eta taktikoki, agian, gabeziak ditugu oraindik. Halere, bi aste hauetan jokalarien ordutegiak "normalizatu" (lanera/klasera buelta) da eta hutsuneak landuko ditugu. Ustez, larunbateko norgehiagokara ondo iritsiko gara. Konfiantza osoa dugu taldean.

Taldearen bertute bat eta defektu bat.

Batera doaz; taldearen profila. Jende gaztea daukagu eta horrek gogo eta motibazio asko ematen dizu. Batzuetan, gogo gehiegi horrek erabaki onak ez hartzera bultatzen zaitu eta hor aurkitu behar dugu oreka puntua.

Aurreko urteko goleatzailea falta zaizue. Nola berreskuratu hark ematen zuena?

'Joko' guztiok ezagutzen dugu. Berekin hitz egin genuen baina erabakia hartuta zeukan eta zikloa amaitutzat eman du, ezin gehiago eskatu. Berak ematen ziona taldeari beste bat baino gehiagoren artean konpentsatu behar dugu. Ez ziren golak bakarrik, gainera. 'Joko' gabe aldageletako erreferentzia bat galdu dugu eta alor horretan ere lana egin behar dugu. Baina gauza hauek kirol guztietan gertatzen dira eta Zumaiakok aurrera egin behar du jokalari gazteei konfiantza emanaz.

Nola lortzen edo lortuko duzu urtean zehar talde guztia "engantxatuta" egotea?

Taldeko edozein kiroletan entrenatzailearen ardura dela uste dut. Zentzu horretan nire edo bigarren entrenatzailearen papera funtsezkoa izango da. Jokalariekin asko hitz egin behar da eta beraiengan dudan konfiantza erakutsi. Badakit joera bat dagoela 13-14 jokalariekin jokatzeko baina, argi daukagu Javik (laguntzailea) eta nik  talde guztian pentsatu behar dugula. Norgehiagokak taktikoki desberdinak dira eta 20-22 jokalari izateak gauza askotan hobetzen du taldea, planteamendu desberdinak egiteko aukera ematen dizu eta.

Noiztik duzu gustuko futbola?

Betidanik. Txikitatik jokatu dut futbolean, Zumaian. Donostira joan nintzen bizitzera eta bertan, denboraldi pare bat jokatu nituen Antiguoko Munibe taldean. Amaitzean entrenatzaileak postua utzi zuen eta direktibak niri eman zidan aukera hori, nahiz eta esperientziarik ez izan. Bi urte polit egin nituen preferente mailan eta oso gustura ibili nintzen. Ondoren, Añorgako jubenilak ere entrenatu nituen. 

Nolakoa zara entrenatzaile bezala?

Entrenatzaile guztiok daukagu buruan nola jokatu eta gauzak nola egin. Hori gero taldeari aplikatu behar zaio, jokalarien profilek hori aldatzera behartzen gaituzte eta. Lehenik eta behin zer nolako taldea duzun aztertu behar duzu; ikusi eta asko hitz egin eta gero, gure ideia nola aplikatu pentsatu behar da eta erdibide bat aurkitu. Taldeak entrenatzaileak zer nahi duen jakin behar du, eta alderantziz.
Gustatzen zait baloia ondo erabiltzea, atzetik jolasten saiatzea, kanpo erdiari pisua ematea baloia mugitzean, eta beti helburu bezala jokaldiaren amaiera ez luzatzea ere gustatzen zait. Horrez gain partiduetan aurkariaren menpe ez egotea dut gustuko.

Zein entrenatzaile duzu gustuko?

Beti lehen lerroan dauden entrenatzaileak ikusten ditugu eta, azkenean, badakigu bakoitzak zer nahi duen eta zer proposatzen duen. Nik asko jarraitu dut eta  Roberto Martinez da nire erreferentzia, gehienbat,  entrenamenduen metodologiengatik. Horrez gain, Imanol Idiakez ere gustuko dut.