Otarreak eskutan santelmoak ospatzen

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko api. 7a, 09:00
Emakume multzoa 1962ko San Telmo jaietan. (Zumaiako Fototeka)

Aspalditik ospatzen dira San Telmo jaiak herrian. Zumaiako Fototekan paseatzea besterik ez da behar horretaz ohartzeko.

Eduki hau webgunean agertzen denerako Zumaia San Telmo jaietan murgilduta egongo da. Herritar batzuk jaiki berriak izango dira; beste batzuk akaso oraindik oheratzeko zain egongo dira. 

Badira hamarkada batzuk santelmoek San Pedro jaien lekua hartu dutela zumaiarren estimuan. Ekainean ospatuko dira Zumaiako zaindariaren festak, sanpedroak; udaberrikoek, baina, biltzen dute jende gehiago; bertakoak zein beste herrietatik bertaratutakoak zain egoten dira urdin koloreko festak heldu zain. 

Zumaiako fototekan bisita birtuala eginda, parrokiatik San Telmo ermitara bidean egiten den prozesioko argazki ugari aurki daitezke. Lehen ez zen hain ohikoa argazkiak ateratzea, ia luxua ere izango zen gehienentzako, eta une garrantzitsuak bakarrik jasotzen zituzten iruditan. Erlijiotik kanpoko argazki batzuk ere aurki daitezke bilduma honetan.

Hemen jasotzen den irudia da horren erakusle. 1962. urtekoa da eta bertan emakume gazte talde bat agertzen da, arrantzalez jantzita, abarketak oinetan, zapia lepoan dutela batzuk, eta otarreak eskutan dituztela. Moilan atrakatuta dagoen itsasontzi batera igo dira argazkia ateratzera, eta atzean, kareletik hurbil, itsasgizon bat dago multzora begira. Oso bestelakoak izango ziren orduko jaiak gaur egungoekin alderatuta, baina edozein arrazoi izango zen ona lagunekin elkartu eta festez gozatzeko. 

Baleikek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.