Zumaia zuri-zuri

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko urt. 7a, 09:00
Talaimendi elurtuta 1928ko argazkian. (Zumaiako Fototeka)

Naturak eskaintzen duen ikuskizun ederrenetakoa da paisaia elurtu bat. Urtea hasi berria, eta neguan murgilduta, izango ote da aurten ere Zumaia zuritua ikusteko aukerarik? 

Kostaldeko herria izanik, gutxitan ikusten da Zumaia elur geruza batez estalita. Baina hala gertatzen denean, ohetik jaiki eta inguruko teilatu, zelai edo kaleak zuriz margotuta ikustean, edonork, haurrek zein helduek, sentitzen du bere barrenean halako ilusio puntu bat. Berokia jantzi, burua txapelarekin estali, lepoa bufandarekin inguratu, eta kalera aterako dira urtean gutxitan ikusteko aukera izango den ikuskizun horretaz gozatzeko asmoz. 

Orain, sakelako telefonoek daramatzaten argazki kamerei esker, berehala partekatuko dira argazki horiek mezularitza zerbitzuei edo sare sozialei esker. Lehen ez zen hainbeste kamerarik izango, baina eduki honekin doan argazkia atera zuenak, 1928. urtean, izan zuen aparailua begietara eraman eta une eder hori betikotzeko ideia. Argazki hau, eta Zumaiako historiari lotutako beste makina bat, Zumaiako Fototekan ikus daiteke.

Baleikek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.