Jaiotzarekin kalez kale, etxez etxe

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2023ko abe. 3a, 09:00
Neska talde bat jaiotzarekin. (Zumaiako Fototeka)

Garaiak aldatu dira, baina ohitura batzuk sendo jarraitzen dute. Hala, Gabon gau egunean jaiotzarekin aterako dira beste behin ere herriko umeak kaleetara.

Niño Jesusen Eskean ateratzea Zumaiako historian ondo txertatutako usadioa da Zumaiako Fototekako argazki honetan ikus daitekeen bezala: jaiotzaz lagunduta eta burkoaren zorroa eskutan, familiartekoen, ezagunen, lagunen edo bizilagunen etxeak bisitatuko dituzte Gabon abesti bat kantatu eta mandarinak, intxaurrak, gozokiak eta txanponen bat lortzeko. Gero, etxera helduta eta zorroa mahai gainean hustuta ikusiko dute irteera probetxuzkoa izan den ala ez.

Arratsaldean beste aukera bat izango da altxorra handitzeko. Goizez etxez etxe ibiliko badira, arratsaldez kalez kale arituko dira. Musikaz lagunduta, Erkiberen gabon abesti lehiaketan arituko dira batzuk, tabernetara hurreratuko dira beste batzuk, behin kantatu ondoren, afariaren aurretik basoerdi bat edo beste edaten ari den bezeroari txanponen bat ateratzeko.

Baleikek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.