Keretxudi, gune berriari izen zaharra

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2018ko eka. 21a, 14:41

Udalak baratze batzuk prestatu ditu herritarrentzat eta gune berria KERETXUDIKO BARATZE PARKEA izango da. Toki baten izen zehatza ez dakigunean, ingurukoak erabili ohi ditugu, eta horregatik deitu izan zaio Basusta ingurua. Mendiaren beste aldean dago Basusta, ordea! Basustagaña izena du muinoak, baina handik Kanteragaña bitarteko lurrek beste izen batzuk dituzte.

Narrondo aldera begira dagoen mendi magalari Keretxudi deitzen zaio. Ibai alderako maldari, berriz, Keretxudipe esaten zaio. Badago inguruan beste lursail bat Keretxueta izenekoa. 

Keretxua zuhaixka mota bat da, beste toki batzuetan ‘gartxu(a)’ deitutakoa (gaztelaniaz ‘labiérnago’ edo ‘olivillo’), Phillyrea generokoa. Lurzoru karetsuetan hazten da, eguteran bereziki, hosto iraunkorrak eta gogorrak ditu, eta fruituak beltzak dira heldutakoan. Hostozabalak (P. latifolia) eta hostoestuak (P. angostifolia) bereizten dira.  

Amaierako -di hori -doi/-dui atzizkiaren aldaera bat da, ‘taldea’ adierazten duena. Ondorioz, Keretxudi izenak adierazten duena da ‘keretxu landare ugari dagoen tokia’. Beste izen asko daude bukaerako osagaitzat atzizki horiek hartzen dituztenak: Lertxundi, Urkidi, Ilarduia, Lizardoia, etab. Gauza bera esan nahi du Keretxueta izenak ere. 

1775eko agiri zahar batzuetan jada ageri da Guerechodi izena inguru horri deitzeko. Puntanoetako tuneletik abiatuta, Kantera alderako bidean eskuin aldean dago KERETXUDIKO BARATZE PARKEA

Baratzean bezalaxe, toponimiaren lurra jorratzen jarraituko dugu, ahal denean gune berriei izen zaharrak jartzen, izanari eusteko.