Gure herria ez da ZUMAYA

Erabiltzailearen aurpegia

Azken asteotan Interneten mapa batzuk garai bateko izenekin bete zaizkigu, Googlek irizpideak aldatu eta erabaki duelako izen ofizialen ordez gaztelaniaz ZUMAYA, GUETARIA eta CESTONA idatzi behar direla, esate baterako. Eztabaida, ordea, ez da beti eta hizkuntza guztietan izen ofizialak erabili beharko liratekeen ala ez, gaztelaniaz nola eman beharko liratekeen baizik.

Gaiari buruz Sustatu webgunean argitaratutako artikuluak aditzera ematen du ZUMAIA ikusteko euskaraz nabigatu beharra dagoela, eta nolabait ontzat ematen du gaztelaniaz ZUMAYA idatzi beharko litzatekeela. Hori horrela ez dela erakusten saiatuko naiz.

Hasteko, ikus dezagun zer dioen 1982ko Euskararen Legeak 10. artikuluan: “EAEko toponimo guztien izen ofizialak Jaurlaritzak, lurralde historikoetako foru-organoek edota toki-erakundeek finkatuko dituzte, zeinek bere eskumenen eremuan”. Eta Zumaiako Udalak izen ofizialtzat ZUMAIA finkatu zuenean, ez zuen egin euskaraz bakarrik erabiltzeko, gaztelaniaz ere berdin idatzi behar zela arautu zuen.

Batzuek esango dute gaztelaniaz “tradizioz” ZUMAYA eta izen horiek erabili direla azken mendeetan, eta hori frogatzeko adibidetzat emango dituzte ABC egunkariak erabilitako izenak, edo 1900 inguruko agirien zatiak, baina kontua ez da historian nola idatzi diren aintzat hartzea, gaur egun nola erabiltzen diren baizik. Gainera,  gaztelaniaren RAE akademiak ez du gai horren inguruan inolako arau edo agindurik eman. Ez hori bakarrik: Espainiako Gobernuak berak irizpide argia du eta gaztelaniaz ere izen ofizialak erabiltzen ditu estatu mailan.

Begira, adibidez,  nola ZUMAIA bakarrik agertzen den INE estatistika erakundearen datu-basean, hauteskunde orokorretan herrien izenak nola ematen diren eta Sustapen Ministerioaren mendeko Institutu Geografiko Nazionaleko mapetan ere nola ZUMAIA ematen duten. IGN institutu horretan bertan, gainera, badago batzorde berezi bat, Comisión Especializada de Nombres Geográficos izenekoa, eta haren eskuorri honetan baieztatzen da autonomia-erkidegoen legeek zehazten dutela toponimoak nola eman behar diren. Azpimarrratzen dute izen geografiko zuzenak erabiltzea funtsezkoa dela tokiak zalantzarik gabe identifikatzeko eta datuak hobeto ustiatzeko, besteak beste atlasak eta nabigazio-mapak egitean.

Hori ikusita, zer eskumen du Googlek gure herria gaztelaniaz ZUMAYA dela erabakitzeko? Ez da, konparazio baterako, nire abizena euskaraz nabigatzean AZKUE eta gaztelaniaz AZCUE erakustearen parekoa? Wikipediak berak eredu hori erabiltzen duela arrazoitzen dute batzuek, hizkuntzen arabera izenak bereizi egiten dituela; gaztelaniaz halaxe dago Zumaya. Esanguratsua da lehen lerroan bertan erabiltzen duen formula: en euskera y oficialmente Zumaia.  Ez litzateke askoz zuzenagoa herrien izenetan argibideak horrela ematea? Zumaia (antiguamente Zumaya en castellano). Imajinatzen duzue pertsona-izenekin berdin egingo balute? Javier (en euskera y oficialmente Xabier). Marka da, gero, Wikipediak irizpide atzerakoiagoak erabiltzea Espainiako Gobernuak berak baino, eta duela 40 urte baino lehenagoko izenak berreskuratzea.

Gaztelaniaz ZUMAYA eta horrelakoak idatzi beharko liratekeela ontzat emango bagenu, aintzat hartuta hemen gaztelania ere hizkuntza ofiziala dela, izen horiek ofizial bihurtzeko bidea errazten ariko ginateke, eta ez zaigu komeni joera horri arnasa ematea. Erabiltzaile arruntek han eta hemen ZUMAYA eta antzekoak ikusten badituzte, gero eta gehiago hasiko dira hala erabiltzen, ofizialki hala dela sinesteraino. Hortik zenbait alderdik erakundeetan izen ofiziala aldatzeko eskatzera, pauso txiki bat besterik ez dago.

Litekeena da egunen batean RAEk edo dagokion erakundeak finkatzea herrien izen horiek gaztelaniaz nola idatzi behar diren, Euskaltzaindiak exonimoen edo Euskal Herritik kanpoko izenen idazkera zehazten duen bezalaxe. Beharbada, testuinguru politikoa aldatzearen seinale izango litzateke, exonimo horiek lurraldekoa bertakoa ez den hizkuntzako izenen bertsioak izaten direlako.

Gu ez gara nor Googleri irizpideak markatzeko, eta ez da beharrezkoa aldatzea, gainera; nahikoa da jakinaraztea gaztelaniarako zerrenda ez duela ondo aukeratu. Gure arazoa bakarrik ez dela ikusita, maila guztietako erakunde publikoei eskatu beharko diegu hariak mugitzeko, hala behar bada Euskaltzaindiaren eskutik, ZUMAYA eta antzekoak erabiltzeak zentzurik ez duela erakusteko. 

Gure izana errespetatzeko eskatzen dugu zumaiarrok, eta gure izena ere bai: ZUMAIA.

Erlazionatuak

ZUMAYA berpiztu digute

Erabiltzailearen aurpegia Zumaia

Herritar batek jakinarazi zidan duela aste batzuk, Game of Thrones telesailean herensugeak bezalaxe, bat-batean aspaldi ikusi gabeko izen batzuk ag...