Aldaketarik gabeko aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Telmo Ostolaza 2021ko ots. 8a, 10:00

Urtarrilaren 6an, Amerikako Estatu Batuetako kapitolio kanpoan Donald Trumpek mitina eman ostean, talde ultraeskuindarrak idarrez sartu ziren bertan, erasoaldi bat zirudiena eszenifikatzen. Gertakari hori estatu golpe bat bailitzan erakutsi zuten hedabide gehienek, "faxismoak boterea hartzeko egindako imintzioa". Ikusi genuena, ordea, AEBetako bi bloke burges nagusien arteko lehia zuzena izan zen, urtarrilaren 20an Joe Biden demokrata buru duen alderdia gobernura heltzearekin batera amaitu zena. Comité Invisibleko kideek esango luketen bezala, ordea, “parlamentu eta kongresuak altzari zahar eta garestiak dauden eraikuntza politak besterik ez dira”.

Badira urte batzuk NATO koalizio militarraren buru diren AEBak munduko lidergotzaren postua galtzen doazela, eta bitartean, Txina mundu mailako potentzia bilakatu da, oso urte gutxitan gainera. Aldaketa nabarmenena azken bi hamarkadetan ikusi dugu: AEBen ekoizpena atzerriratu eta herrialdea zorretan murgildu den bitartean, Txina kopia merkeko produktuen estatua izatetik, munduan patente gehien aurkezten dituen eta ikerketa teknologiko aurreratuenetarikoak dituen potentzia bilakatu da. Arlo geopolitikoan ere estrategia inperialista bortitzaren ondorioak garesti atera zaizkie estatubatuarrei, Ekialde Hurbila dugu adibide argiena. Paraleloki, Txinaren win-win estrategia isil bezain eraginkorrak egonkortasuna lortu du nazioartean merkataritza bide berriak irekitzeko, “zetaren ibilbidea” deiturikoa kasu.

Egoera konplexu horri aurre egin eta potentziaren baitan lidergotza zein taldek eramango duen ebazterako orduan, arrakalak ireki dira AEBetako klase menperatzailearen baitan; fakzio bakoitzak interes espezifikoak, estrategia propioak eta kudeaketa-eredu bereiziak baititu. Burgesen arteko antagonismo hori errepublikarraren eta demokraten arteko liskarrean gorpuztu da azken urteetan. Bloke bakoitzaren interes ekonomikoen zertzelada batzuk ikusi ditugu protekzionismo politikarekin eta Txinaren aurka egin duten gerra formarekin, baina legealdi berri honetan interes horiek are gehiago azaleratuko direlakoan nago, bai eta horien atzetik zein enpresa-multzo eta talde sozial dauden ere. Urteotan ikusi duguna, ordea, interes partikularren defentsa ez ezik, bi blokeen antzerkia izan da. Alde batetik, Donald Trump izan dugu protagonista: ultraeskuindar itxuragabea bat, “Redneck” deiturikoen bozeramaile eta langile aristokrazia zuriaren bozka beregan bideratu duen aberats bat. Bestetik, Alderdi Demokrata izan dugu, gutxiengo etniko, arrazial eta sexualen bozeramaile omen dena, feminismoaren abanderatua eta Trumpen etsai deklaratua.

Bien artean koreografia bikaina egin dute, liskarrak eta gerra mediatiko bortitzak sortzen, baita ere AEBetan inoiz ikusi ez diren eszena esperpentikoak bultzatzen. Baina azken finean horixe izan da, antzerkia. Politika profesionalean ohituta gauden moduan, alderdien pauso guztiak hauteskunde- kalkulagailuarekin egiten dira, eta AEB ez zen gutxiago izango. Demokratek Black Lives Matter mugimendua bultzatu zuten Trumpi kalte elektorala egiteko helburuz. Obamaren azken zortzi urteetan beltzen bizitzak bost axola zitzaizkiela erakutsi zuten baina. Langileria beltzak jasaten duen pobrezia eta arrazismo poliziala areagotu besterik ez baitzen egin. Europako hedabideak Trumpen aurkako gerra mediatikora batu dira, AEBetako lehendakari gorrotatuena izan da telebistetan, egunero izan dugu gurean. Hillary Clinton eta enparauak Sirian Daesh finantziatzen eta zibilak hiltzen ibili zirenean, berriz, ez genuen halako erreportairik ikusteko aukerarik izan, ezta Ferrerasen 20 orduko zuzenekorik ere. Europako politikari profesionalek ere tankera bereko antzerkiari heldu diote, alderdi

sozialdemokratek Joe Biden defendatu dute modu batean zein bestean, eta kontserbadoreenak, aldiz, Trumpen alde azaldu dira.

Politikari profesionalek interes burges errealen guda antzezten duten bitartean, kaltetuena langile klasea izan da beste behin. Pobrezia nabarmen areagotzen ari da AEBetan, baita gure kontinentean ere. Horregatik, gobernu aldaketa hutsalak antzerki bereko aktoreen aldaketak izango dira beti, kapitalismoak aurrera jarraitzen duen heinean. Benetako aldaketak lortzeko sistema bera gainditzea izan behar dugu zerumugan, esplotaziorik eta zapalkuntzarik gabeko mundua sortzea. Bide horretan, kontinente guztietako menperatzaileak turnismora jolasten diren bitartean, zapalduen antolakuntza independientea garatzea dagokigu, gaizkileen artean aukeratu behar ez izateko, aldaketak benetakoak izan daitezen.