Euskal eskola publiko euskaldunaren eta KORRIKAren aldeko aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Telmo Deun guraso elkartea 2022ko api. 6a, 09:00

Euskara ardatz duen eskola publikoaren eta Korrikaren aldeko aldarria.

Eusko Legebiltzarrak aurki onartuko du Hezkuntza dekretu berria. Hezkuntza dekretu honek hainbat zalantza eta kezka sortzen dizkigu, ez duelako publifikazio marko sendo baten alde egiten eta ez duelako Hezkuntza Publikoa erdigunean jartzen. Besteak beste, sistema publikoa eta pribatua parekatuko dira ikastetxe pribatuetako finantziazioa blindatu ahal izateko, segregatzailea den sistema duala normalizatu eta betikotzen du, eta ez dute euskararen aldeko apustu irmorik egiten. Esleituko diren baliabideak ez ditu aipatzen eta ikastetxearen esku uzten du ardura. Ez da murgiltze eredurik aipatzen, ez dira ereduak gainditzen eta atzerriko hizkuntzei irekitzen die atea, euskararen kalterako.

Hezkuntza sistema propioan atzerapauso moduan ikusten dugu, indarrean dagoen araudi estatala berretsi baino ez baitu egiten.

Aipatutako arrazoi horiek eta beste hainbat kontutan hartuta, Herri Eskolako nahiz Institutuko Zuzendaritzatik gaur, apirilak 6, arratsaldeko 16:45ean Sagarbideko patioan egingo den elkarretaratzearekin bat egiten dugu, eta hezkuntza komunitatea osatzen dugun guraso guztiak bertara joan zaitezten animatzen zaituztegu.

Bestetik, ezin aipatu gabe utzi, ostegunetik ostiralerako goizaldean pasako dela KORRIKA Zumaiatik eta guk ere guraso moduan, Institutuko Zuzendaritza eta ikasleekin elkartu eta KABI tabernaren paretik hasita euskararen aldeko aldarriaren lekukoari gogotsu heltzeko konpromisoa hartzen dugula.

Azal zaitezte euskararen aldeko aldarria ozen oihukatzera.

                                    IKA, IKA, IKA…. BADATOR KORRIKA!!