Itxaron

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2022ko eka. 27a, 06:01

Negu luzearen ondoren gainean dugu uda, eta nabaritzen da jendea gogoz dagoela. 

Azken bi urteetan, zailtasunak zailtasun, ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatu gara, baina beti egin dugu topo oztoporen batekin. Itxaron beharra, adibidez. Duela urte batzuk sinestezina litzateke guretzat hondartzara sartzeko horrelako ilarak egin beharko genituela pentsatzea, hondartza jendez gainezka zegoelako eta distantziak errespetatzen ez zirelako. Ordubetez ilaran egon ostean, hondartzara jaitsi eta bata bestearen gainean egoteko, gainera. Edo mugikorreko aplikazio batean hondartzetako semaforoa berde kolorez noiz argiztatu zain egon beharko genuela, mugikorrak gure gustuko hondartzan lekua dagoela jakinarazi arte.

Tristea izan da bizi duguna, baina badirudi lehen ginenera itzultzen ari garela. Aurtengo santelmoak izan dira horren adibide. Herrian zegoen giroa aparta izan zen egun horietan zehar, eta jarrai dezala aurrerantzean ere horrela izaten, ondo pasatzeko eta momentua bizitzeko sekula gehiago itxaron behar ez dezagun.