Euripean

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2022ko urt. 14a, 08:01

Ez dut gogoratzen abendu hasieran aterkirik gabe kalera atera nintzen egunik, eta ez memoria txarragatik, bereziki. Euritan hasi genuen urteko azken hilabetea eta hainbat egunez jarraian ez zuen atertu ere egin. Hainbat herritan uholde arriskua zegoela eta, Uholdeen aurkako Plan Bereziko larrialdi fasea ere aktibatu zuten, pentsa.

Lankide batek esan zidan behin horrelako eguraldiarekin telelana egin beharko genukeela, eta ez zitzaidan batere ideia txarra iruditu. Proposamen hori ezerezean geratu zen, azkenean, eta lanera joaten jarraitu genuen, txintxo-txintxo, inongo kexarik adierazi gabe. Gabonak gerturatzen ari zirela, lankide horrekin joan nintzen loteria erostera; bagenekien tokatzeko aukera nahiko utopikoa zela, baina, aizu, esperantza omen da galtzen den azken gauza. Eta esperantza horrekin jarraitu genuen harik eta zozketan gurearen guztiz bestelakoa zen zenbakien konbinazio bat garaile irten zen arte.

Eta orain hemen gaude: ez diogu lanera joateari utzi zoritxarreko dezimo bat eman zigutelako eta, ezetz asmatu? Telelanaren ideiak airean jarraitzen du, gure loteriako zenbakien gisan. Horrelako zorte txarra duzuenoi, gora bihotzak eta urte berri on.