Mundu paraleloak

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2020ko abe. 21a, 09:01

Leihotik begira plazaren erdira, zioen Goenkale telesaileko sarrerako abesti batek. Ba, halaxe nengoen duela gutxi amonaren etxeko balkoian. Larunbata zen, eguraldi paregabea zegoen eta eguzkiak kalera irteteko gonbidapena luzatzen zuen. Plazara begira nengoen bai, Pulpo aurreko plaza txikira zehazki. Aurtengo urtea pikutara bidali duen pandemiaren ondorioz, elkartea eta tabernak itxita zeuden eta eguzkiak laguntzen bazuen ere, oso jende gutxi zebilen kalean. Leku horiek zabalik ez egoteak herria dezente itzaltzen zuela banekien, baina une hartan bereziki ohartu nintzen horretaz (Erribera kalea goitik hain hutsa ikusteak inpresioa egiten du).

Leku gehiagotan ere sentitu izan dut inpresioa azken boladan; autobusetan batez ere. Behin baino gehiagotan pandemiarik ez dagoen mundu paralelo batean bezala sentitu naiz garraio publikoa jendez gainezka ikusi dudanean. Eserleku guztiak okupatuta zeudelako jende asko zutik bidaiatzen aritu da albokoarekiko distantziarik errespetatu ezinda, baina seguruak ez ziren lekuak neurri guztiak behar bezala betetzen ziren tabernak omen ziren. Hori gutxi balitz, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak garraio publikoan isilik bidaiatzea gomendatu du; isiltasuna munduaren jabe egingo da azkenean.