Ezagutza

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2019ko urr. 1a, 10:26

Irailaren hasieran, prentsaurreko batean Joyce izeneko emakume brasildar bat ezagutzeko aukera izan nuen. Donostian bizi da eta hiru urte eta erdi daramatza euskaltegi batean euskara ikasten. Bertan bizitzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, euskara jakitea “garrantzitsua” dela azpimarratu zuen. 

Doktoretza bat ikastera etorri zen Donostiara eta bertako hizkuntza ikastearekin batera, Euskal Herriaz, bertako jendeaz eta janariaz ere “maitemindu” zela nabarmendu zuen. Janariarena esandakoan, barre egin genuen aretoan geunden kazetariok; baina benetan ilusioz partekatzen ari zen mezua garrantzitsua zen denontzat.

“Oso esperientzia aberasgarria da izan da niretzat jende gehiagorekin harremana izateko aukera izan dudalako”, adierazi zuen pozik. Batzuek euskara ikastea zaila dela esaten dute (hizkuntza guztiak bezala), baina saiatzen denak, Joycek bezala, mundua ikusteko beste modu bat ezagutzen du.  Beste batzuen ustez euskara ikastea alferrikakoa dela esatera ere ausartuko nintzateke. Nahigabea ematen dit horrela pentsatzen duen jendea dagoela jakiteak, baina emakume brasildarraren mezu itxaropentsuarekin geratzen naiz. Zorionak, Joyce, zure ahaleginagatik, eta askorentzat eredu izan zaitezela.