Onartuen zerrenda

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ibarguren 2019ko mai. 31a, 14:08

Ez zuen, ez, bereziki zeresan gutxi eman joan den hilean hauteskundeen gaiak. San Telmo jaietan egun handia izaten den igandean izango zirela jakin zen egunetik asaldatuta zegoen herria. Kalean solasaldietarako gai nagusia zen eta denok irrikan geunden –neurri batean eta ez egokitzekotan– hauteskunde mahaietan egun berezi hori igarotzea nori egokitu zitzaion zioen zerrenda kaleratzeko. Onartuen zerrenda argitaratu zen egunean laster hasi ziren izenak kuadrillaz kuadrilla zabaltzen eta libratu zirenak kezka bat gutxiago izateagatik gaia umorez hartzen.

Baina hauteskundeetako zerrendaz gain, aurreko apirilean onartuen beste zerrenda batzuk ere izan ziren. Adibidez, hain esanguratsua den Korrikak onartutako kilometro guztiek Euskal Herri osoa euskararen aldeko festa giroan murgildu zuten. Eta zer hobeto, Zumaiatik igarotzerakoan santelmoetarako motorrak berotzen hasteko Korrika baino? Ikus dezakegunez, zerrenda guztiak ez dira txarrak. Zalantzarik gabe emozioz beteriko hilabetea izan da apirila Zumaian, eta orain festetako ajeak igarota, maiatzean berriro ere beste hauteskunde batzuetarako zerrenda kaleratuko da. Oraingo honetan, santelmoetatik kanpo, behintzat.