Soriako eta Zumaiako ahotsak elkarrekin kantari

Erabiltzailearen aurpegia San Pedro Abesbatza Zumaia 2024ko ots. 29a, 19:46

Coral de Soria abesbatzak eta San Pedro abesbatzak kontzertua eskainiko dute parrokian larunbat honetan 20:00etan.

Urriaren amaiera aldera San Pedro abesbatzako kideak Soriara joan ginen gure musika bertakoekin partekatzeko asmoz. Orain berriz, Coral de Soriako kideak izango ditugu gure herrian helburu berarekin. Horrelakoetan egiten den moduan, gure emanaldi txiki batekin hasiko da kontzertua, ondoren beraien saioarekin jarraitzeko eta, nola ez, bi abesbatzak batera arituko gara emanaldiaren amaieran.

San Pedro abesbatzak oraingoan, musikarekin, hainbat bidai proposatu nahi dizkizue. Argentinako iparraldean hasiko dugu bidaia, bertan jaio baitzen Carlos Guastavino egilea eta bertako folklorean eta doinuetan oinarritzen dira bere Indianas suitea. Bertatik lehen bi zenbakiak entzungo ditugu. Ondoren Asturiasera bidaiatuko dugu, zumaiar baten eskutik, Se me quebraron los remos abestiaren egilea Angel Embil baita. Ondoren Pazifikoaren ipar-ekialdera joango gara, bertan idazten baitu bere musika Morten Lauridsen egileak, bertako lasaitasuna musikan islatuz. Eta amaitzeko Karlos Gimenezek moldatutako Xoxo beltz bat banuen.

Coral de Soriakoek berriz estilo eta jatorri ezberdineko musikak eskainiko dizkigute: Zuluen doinuak, Estatu Batuetako musika, pop musika, Euskal folklorea  eta, amaitzeko, zarzuela ezberdinetatik (La del Soto del Parral, La Chulapona eta La Verbena de la Paloma) ateratako zenbakiak abestuko dituzte. Kontzertuari amaiera emateko bi abesbatzek Josu Elberdinen Izar ederrak eta F. Garcia Muñoz-en Las bailas eskainiko dituzte. Azken hau sanjuaneras abesti motaren barruan sartzen da. San Juan jaiak modu indartsuan ospatzen dituzte eta bertan garrantzi handia dute abesti hauek. Egileak sortu eta Coral de Soriakoek berreskuratutako koru bertsioa entzun ahalko duzue.

Mari Carmen Azpeitia eta Rubén Romero izango dira piano-joleak eta Amaia Aldalur eta Marta López Condado, berriz, zuzendariak. Denok zaudete gonbidatuta!