Saharar herriaren askatasunaren aldeko martxa!

Erabiltzailearen aurpegia

Mendebaldeko Sahara herriarentzat 1970eko hamarkada oso gogorra eta iluna izan zen. Hilabetean, Espainiako 53. probintzia izatetik, Marokok 1975eko urrian, bere martxa berdea erabiliz, saharar lurraldea ilegalki okupatu arte.

Garai hartako Espainiako gobernuak, interes ekonomiko eta akordio politiko ilunak kontuan edukiz, Maroko eta Mauritaniari saldu zion Mendebaldeko Sahara 1975eko azaroan Madrilen egindako hiruren arteko hitzarmenean.

Harrezkeroztik, sahararrek milaka istorio pasa behar izan dituzte. Gerra, zapalkuntza, errepresioa, erbesteratu beharra. Aljeriako hamadan, desertuaren erdian, ezerezaren erdian, gaur errefuxiatuen kanpalekua dagoen lekuan, hutsetik nazio bat sortu behar izan zuten. Urteak pasa, eta egoera ez da aldatu. Dagoeneko, 45 urte pasa dira eta sahararren egoerak berdin jarraitzen du. Saharar batzuk Marokoren menpe lurralde okupatuetan eta egunero poliziaren errepresioa jasaten; beste batzuk Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan bizirauten; eta, beste asko, Europan zehar sakabanaturik, baina inoiz ahaztu gabe nondik datozen eta zein den beraien aberria.

Eta, bitartean, zer dio Europak gatazka honen aurrean?

Nazio Batuen Erakundeak dio Espainia Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea dela eta duela 45 urtetik etendako deskolonizazio prozesuari amaiera eman behar diola. Gainera, 1991n Marokok eta Mendebaldeko Saharak su etenean onartutakoa eta sinatutakoa bete behar dela dio Nazio Batuen Erakundeak; hau da, Sahararen autodeterminazio erreferenduma egin behar dela berme guztiekin.
Bestetik, Nazioarteko Zuzenbidea argia da sahararren auziari dagokionez: Marokok ez du inolako subiranotasunik lurraldearen gainean eta autodeterminazio erreferenduma egin behar dela.
Horregatik, egungo gerra egoera, Marokoren errepresio eta okupazio bortitza, Espainiako gobernuaren isiltasuna eta Nazio Batuen Erakundearen konplizitatea ikusita, aurtengo maiatzean eta ekainean saharar herriaren kausarekin bat gatozen elkarte, sindikatu, kolektibo, erakunde eta gizarte zibilak martxa birtualari hasiera eman diogu, saharar herriak bizi duen egoera larria salatzeko. Saharar herriaren askatasunaren aldeko martxa, hain zuzen ere.

Martxa hau Irunen hasi eta Euskal Herriko hiriburuak eta zenbait herri zeharkatu ondoren, Estatuko beste martxekin batera elkartuko da Madrilen ekainaren 19an, eta bertan manifestazio orokorra egingo dugu. Zumaiatik, Darahli elkarteak antolatuta, Madrilera autobus bat abiatuko da Saharar herriari babesa eman nahian eta bertan aho biziz eta ozenki SAHARA LIBRE mezua aldarrikatuko dugu. 

Horregatik guztiagatik, Espainiako Gobernuari koherentzia eta irmotasuna eskatzen diogu hainbeste aipatzen duen nazioarteko legezkotasunaren bere ustezko defentsan. 

Saharar herriaren askatasunerako eskubide legitimoa babestea eta errespetatzea, eta Fronte Polisarioaren estatus diplomatikoa formalki aitortzea, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren ordezkari bakar eta legitimo gisa. 

Gora Sahara libre! Erreferenduma orain!!