Pulpoko lehen emakume taldeak eramango du Korrikako lekukoa

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2024ko mar. 14a, 13:01

Bidasoa kalean hartuko dute Korrikako lekukoa Pulpoko emakume aitzindariek, eta bidean Pulpoko alebin mailako neskek hartuko dute erreleboa, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa azpimarratzeko.

Maite Agirrezabalaga, Kontxi Aizpurua, Marijo Aizpurua, Ana Egaña, Marian Egaña, Paula Elosua, Marije Elzo, Marilu Esnal, Miki Gutierrez, Ixiar Ibarra, Eli Irureta, Ana Delia Mendizabal, Arritxu Unanue, Ana Yeregi eta Marije Yeregi: Pulpok bere historian izan zuen lehen emakume taldeko kideak dira denak. Aurten Pulpok bere 50. urteurrena ospatzen duen honetan, beraiek hartuko dute Korrikako lekukoa Zumaian, Bidasoa kale parean. Bidean, Pulpoko gaur egungo alebin neskei pasako diete lekukoa, sinbolismo eta emozioz betetako keinu batetan. Izan zirelako gara...

Emozionatuta daudela aitortu digute denaek. Ohore bat izango dela lekukoa eramatea eta nola egingo duten ere erabaki dute: lekukoa bikoteka eramango dute eta ez banaka, horrela taldea direla azpimarratzeko; gainera, Patxanga parean erreleboa emanez, bertakoek orduan taldeari eman zioten bultzada eskertzeko (Taosa izandakoagatik); eta horrez gain, gaur egungo alebin neskei lekukoa pasatu nahi diete azken metrotan, belaunaldiz belaunaldiko transmisio hori azpimarratzeko. Beraien lehen urratsek ekarri gaituzte hona eta zoriona sentitzen dute kluba eta bereziki nesken taldeak hain osasuntsu ikusita.

Klubak ere eskerrak eman nahi dizkio Zumaiako Udalari egokitutako kilometroa aldatzeko prest agertu delako, omenaldi hau herrian bertan egin ahal izateko. Lehen momentutik jarrera oso positiboa izan zen eta aldaketa eskaerari baiezkoa eman zioten, beraz Pulpo Klubetik aitortza eta esker ona besterik ez Udal Gobernuarentzat.

Hunkigarria izango da: Pulpo, Korrika, euskara, transmisioa, sinbologia... herriaren aurrean... beraiek ere "harro herri" sentituko dira...  ezin gehiago eskatu.