Bidasoa eta Anaitasunaren arteko lehian, hiru zumaiar izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Pulpo Eskubaloia 2024ko urt. 17a, 08:26

Jon Ander Iribarrek Bidasoarekin fitxatu zuen eta haren ordainetan jokatuko du talde irundarrak Zumaian.

Larunbateko Anaitasunaren eta Bidasoaren arteko partidarako sarrerak agortu dira eta horren mezua azkar zabaldu zen atzo Zumaian, baita sare sozialetan ere. Izan ere, ikusmin handia sortu du punta-puntako bi talde hauen arteko partida ikusteko, are eta gehiago, hiru zumaiar kantxan izango direlako: Ander Torriko Anaitasuna taldean, eta Asier Iribar eta Jon Ander Iribar Bidasoaren aldetik.

Azken honen fitxaketari ekin zion Bidasoak aurreko udan, eta fitxaketa honen barruan sartzen da larunbateko partida. Jon Ander Iribar Carcellerrek aurretik bere anaiak egindako bideari ekin zion udan, eta Bidasoa taldearekin fitxatu zuen Pulpon hainbat urte egin ondoren. Pulpon aztarna polita utzi du eta Zumaiako taldearekin Espainiako bi sektore jokatu zituen. Horrez gain, Euskadiko selekzioarekin domina irabazita zeukan Espainiako txapelketan. Udan Bidasoaren deiari erantzutean aurrerapausoa eman zuen eta gaur egun bertan dihardu Asier anaiarekin batera.

Iribar Carceller anaien kasuan, polita izango da kantxan elkarrekin ikustea kamiseta berarekin, hainbat ordu igaro duten beraien herriko kantxan. Ez zaie familia, lagunen eta, oro har, herriko zaletuen animorik faltako.

Ez da intereseko arrazoi bakarra izango partidan: Ander Torriko hasi da berriro entrenatzen bere belauneko hirugarren lesioaren ostean, eta irrikitzen dago berriro jokatu ahal izateko. Ez da bakarra desio hori duena, Zumaiako zaletuak ere gogoz daude eta bera kantxan berriz ikusteko, eta herrian izanda are eta gehiago.

Eskubaloiaren festa izango da larunbatekoa. Aurretik, BQD Bidaiak Pulpo eta Urnieta senior nesken partida izango da 16:00etan, bigarren postuaren bila ari direnak; eta Labarra Taberna Pulpo eta Urdaneta taldeen partida gogorra ere bai, 17:30ean.

Izan dadila eskubaloiaren festa!