Super Amara Bera Berak ligako partida jokatuko du otsailaren 12an Zumaian

Kataluinako Sant Quirze taldearen aurka lehiatuko da, Lubaki kiroldegian. 

Aurreko asteko partidaren atzerapenaren ostean, goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izango da berriz, otsailaren 12an, larunbata, arratsaldeko 19:00etan, herrian bertan: Liga Guerreras Iberdrola mailako Super Amara Bera Berak eta Sant Quirzek, ligako partida jokatuko dute. Partida ofiziala hemen jokatuko da Bera Berak eta Pulpo Eskubaloi Taldeak honela adostu dutelako, bere garaian Ainhoa Larrañaga eraman izaneren ordainketaren trukean.

Edukieraren murrizketa dela eta, partida ikusteko lehentasuna Bera Bera eta Pulpoko bazkideek edukiko dute, eta ondoren, klubeko jokalariek eta entrenatzaileek, denek ere erdi prezioan. Horiek guztiek sarrera eskatu egin beharko dute, eta epea otsailaren 6an bukatuko zaie (igandea). Gainontzekoentzat otsailaren 7an zabalduko da sarrera erosteko aukera, Pulporen webgunean, pulpo.eus atarian.