Abesti on bat

Erabiltzailearen aurpegia Naiara Barredo Goikoetxea 2024ko urt. 28a, 08:38

Aire-molekulek bata bestearen kontra talka egiten dutelako iristen da soinuaren informazioa gure belarrira. Eta bertan, zentimetro kuadro bat ere ez den tinpanoak, bibrazio hori jasotzen du eta entzumen-sistemaren bidez seinale elektriko bihurtzen da. Eta hor hasten da magia, hori ere magia ez bada. Eta hor sentimendu, sentsazio eta emozio bihurtzen da. Eta hor gozamena hasten da.

Ez dakit abesti on batek izan behar dituen ezaugarriak objektiboki zehaztuta dauden, seguraski egongo da horri buruz teoriaren bat, baina abestiek pertsona bakoitzean sortzen dutena ezberdina da.

Suposatzen dut ez naizela bakarra izango, kalean aurikularrekin gustuko musika entzuten ari naizen bitartean, bideoklip batean banengo bezala sentitzen dena. Eta guztiak beste dimentsio bat hartzen duela sentitzen duena.

Izan ere, musikak, kultura den heinean, hark bezala existentzia bera beste nibel batera eramaten du, esperientzia hobetzen du, eta bizitzari buruzko perspektiba aldatzen du.

Beraz, eskerrak eman beharrean nago musika sortuz ekarpena egiten duten guztiei. Beno, ia guztiei.