Kultura eskoletara

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Romatet 2020ko ots. 17a, 09:20

Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena dugu aurten, eta badira mila asmo okasioa ospatzeko pentsatuak. Hala ere, nire adinaren bueltako askori Iparragirre hitza entzun eta berehala datozkigu Xenpelarren bertsoak “Iparragirre abila dela, askori diot aditzen…”, edo berak idatzitako “Ameriketara joan nintzen xentimorik gabe” oraindik ere kanta dezakegu ederki asko.

Gure kasuan, Joanito Dorronsorok Zumaiako ikastolan egindako lana da horren iturria, eta garai haietatik hona zorionez bertsoak eta bertsogintza ikastetxeetan ikasgai bihurtu dira; haiek irakastea ez dago ikastetxeko zuzendaritzaren edo irakasleen borondatearen edo tokiko udalen asmoen esku.

Baina kulturaren beste alor ugarietan ez da hala gertatzen, eta azken hilabeteetan bolo-bolo dabil Aldundiak bultzatu nahi duen Eskola Kultura egitasmoaren kontua. Garai batean abian jarri zen Eskola Kirolaren eredua jarraitu nahi du, eta gure haurrek eskolan kultura zuzenean ezagutzeko, bizitzeko aukera bermatu nahi dute.

Izan ere, gaur egun oso arrunta egiten zaigu gure umeak hilabetez igeriketa kanpainara joateko aukera, edo asteburua iritsi eta kirol ezberdinetan aritzekoa; orduak ematen ditugu gure kirolariak animatuz, euri-haizeari aurre eginez, eta, marmar bat edo beste tartean bada ere, eztabaidarik gabe.

Eta kulturarentzat aukera bera eskatzea?

Gaia konplexua da, erakunde ezberdinen nahiak eta eskumenak hartu behar dira kontuan, eskoletako curriculuma tartean; eta bai, egia da zerbait gazteenekin landu nahi dugunean eskola orduen babesa nahi dugula, ikastetxe eta irakasleen konplizitatea, baina haien ordutegia ere sarritan txiklea bezala, luze eta zabal, dena estaltzera iritsi ezinik egoten dela.

Baina nik nahiko nuke irudikatu eskola orduetan kulturaren alorrak ezagutzeko aukera, gure gazteek aktiboki dauden alor ugarietatik batzuk bada ere ukitzea: musika ezberdinak entzun eta haietaz hitz egin, buztina edo pinturarekin narrastu, liburuak derrigor irakurtzea baino idazle bat idaztera daraman magia horretara hurbildu, antzerkiak eta dantzak gure eskoletako pasilloak betetzea…

Eta zergatik ez, hilean behin futbola, saskibaloia edo atletismoko saioen ordez bestelako aukerak izatea: Zumaiako mugetan paseatu, herriko eraikin eta eskulturak aztertu, parrokiko organoa bertatik bertara ezagutu, Zarauzko Photomuseuma bisitatu, herriko sortzaileen lanak ikusi/entzun/gozatu eta agian baita beraiekin hitz egin ere, musika tresnak ikusi-ukitu eta ahal izanez gero abesten jarri... aukerak milaka ditugu.

Ea pixkanaka guztiok bakoitzak bere aldetik tiraka bidea egiten dugun.