Udalak zumaiar guztiona beharko luke, ez alderdi batena

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016ko uzt. 31a, 21:39
Udal gobernu batek ez luke alderdi politiko baten antzera publikoki hitz egin behar; ustez zumaiar guztiak kontuan hartzen dituelako berarekin ados ala ez egon ez.

Berriki Udalak kaleratu duen oharrean, albistearen testuingurua albo batera nahita utzi du eta beren iritzia indartzeko datuak nahieran aurkeztu dituzue. Inorekin hitz egin gabe alkateak hartu duen debekuaren bidea zuritzeko ahalegina da.

1) Udalak ondo baino hobeto daki Geoparkearen eremuak gutxienez 60 milioi urte dituela, eta pintada horiek dauden paretak 20 bat urte. Alegia, horma artifiziala da. Beraz, “herriaren eta paisaia naturalaren aurkako erasoa direla” esaten duzuenean, politikeria merkean ohikoa den “tremendismoa” aukeratu du, herrian dagoen arazoaren muinari naturaltasunez heldu beharrean.

2) Kalea Guztiona Da ekimenak ez ditu pintada horiek egin. Egiten dugun guztia denen eskura publiko jartzen dugu Baleiken zein Facebooken. Beste mural baten gainean gure ekimenaren izena jartzea ez da gure estiloa. Baina halere, agerikoa da udal gobernuak, alkatea buru, zumaiarrekin eta eragileekin hitz egin gabe kalean inposatutako debekuen ondorio direla. Horren adibide argia da, Lekeitioko talde feministak hondartzan egin zuen mural baten kopia txikia dela. Emakumeen gorputz estereotipatuaren aurkako aldarri hori orain pare bat aste zentsuratu zuen Lekeitioko alkateak eta elkartasunez Euskal Herriko txoko askotan margotu zuten hurrengo egunetan.

3) Bi pintada horiek bi aste baino gehiago daramate hondartzako paretan. Baina hara non, larunbat honetako arratsaldean Erribera kaleko horma ‘famatuan’ guk margotu dugun murala (Munchen Oihua) ezabatzeko 12 ordu baino ez dituzue behar izan, “paisaiarekiko” udalaren lehentasuna zein den agerian utzita.

4) Kalea Guztiona Da babesten duten 33 eragileekin hitz egiteko denborarik ez omen du udal gobernuak (bost hilabete pasa dira jada), baina munduan den koadrorik ezagunenetariko bat ezabatzeko udal baliabide guztiak prest du alkateak, opor garaian eta asteburuan.

5) Zinez etsigarria da udalak, gu ordezkatu beharko gintuenak, herritarrekin hitz egin baino nahiago duela prentsa-oharren bitartez bere burua zuritzen aritzea. Herrikideekin eseri eta hitz egin, ez du minik egiten eta.