Inposaketarik ez, politika zaharra lurpera! Larunbatean kalea guztiona izango da

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016ko eka. 9a, 17:28

Ia lau hilabete pasa dira Zumaiako udal gobernuak kartelak, pegatinak, pankartak eta abar debekatu zituenetik. Harrezkero, inposaketa horren aurrean herriko eragile andana kritiko azaldu bada ere, goizero-goizero kaleko adierazpen guztiak zentsuratzen jarraitzen dute alkatearen aginduz. Protestatzeko herritarrei zabor poltsak kalera ateratzeko deia egin zien pertsona berberak, alkate bilakatu bezain pronto debekua eta inposaketa besarkatu ditu.

Herritarren parte-hartzea politikari guztien ahotan dagoen honetan, nola ulertu behar dugu kultur ekitaldien, langileen aldarrikapenen, eraso sexisten salaketen edota giza eskubideen urraketen berri ematea zikina dela entzutean? Bitartekaririk gabe herritarrok adierazteko dugun era bakarrari zikina deitzen dio alkate txit gorenak. Eta ezabatzeko agintzen du. Eta zentsuratzeko agintzen du.

Enpresario autoritarioen moduko politika egiteko era bertikal horrekin asper-asper eginda gaude. Inorekin hitz egin gabe, bulego batean politikari gutxi batzuek erabakitakoa herritar guztioi inposatzeak nazkatuta gauzka. Kalea, eremu publikoa, ez da agintarien txaleteko patioa. Kalea ez da inorena, eta horregatik da guztiona. Ez dugu turistentzat egindako "postal herri bat" nahi, bizi-bizia nahi dugu. Eta horregatik larunbatean, arratsaldeko 16:30etik aurrera, Amaiako plazan elkartuko gara, ume, gazte eta gaztetasuna pilatuta dutenak; debeku eta inposaketa tristeak ez ditugula maite pozez esateko, eta zergatik ez, eguraldi ona lagun, arrats polit bat guztiona den kalean pasatzeko.

Kalea Guztiona Da ekimena Zumaiako eragile hauek babesten dute:

  1. CC.OO,  ESK, LAB eta ELA sindikatuak
  2. TSko langileak        
  3. Guascor enpresa batzordea
  4. Urola enpresako (XEY) langile komitea (ELA, LAB eta CCOO)
  5. Astilleros Balenciaga langile komitea
  6. Mendiaraiz enpresako ELA eta LABeko delegatuak
  7. Korta enpresako ELAko delegatuak
  8. GKN Driveline Zumaiako langile batzordea (UGT, ELA, LAB eta ESK)
  9. Errefuxiatuen harrera taldea
  10. Bertso Eskola
  11. Eskubide Sozialen Karta
  12. Duintasuna elkartea
  13. Odol emaileen elkartea
  14. Malen Etxea (Emakume migratzaileen elkartea)
  15. Natur taldea
  16. Dardara (Zumaiako Musikarien Kolektiboa
  17. Libre
  18. Gazte Asanblada
  19. Talde feminista
  20. Ernai
  21. Inpernupe Kultur Elkartea
  22. Hirekin (Gazteen emantzipazioa sustatzeko egitasmoa)
  23. Katxapero gazte konpartsa
  24. Ikasle Abertzaleak
  25. Gure Esku Dago
  26. Herri Irrati Librea sortzeko lantaldea
  27. ZIIZ Industria ondarea
  28. Bateleroak
  29. AEK
  30. Ostarrena Zine-kluba