Eta desagertzen badira, zer?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2022ko aza. 1a, 06:00

Dagoeneko aski jakina den bezala, formatu fisikoen aldekoa naiz. Liburuak, aldizkariak eta komikiak paperean irakurtzea dut gustuko; diskoak biniloan entzuten ditut –gutxiago CDan–; eta pelikulak DVDan ikusi izan ditut orain gutxira arte. 

Bildumazalea naiz, bai. Eta ez da formatu digitalak probatu ez ditudalako. Liburuak digitalean irakurtzeko tramankulu bat oparitu zidaten urtebetetze batean, baita denbora gutxira izorratu ere. Digitalean disko bat edo beste erosi izan dut, baina gutxira berriro fisikoan erosi nituen. Onartu behar dut, hala ere, telesailen eta filmeen kasua erabat bestelakoa dela: Netflix, Amazon Prime eta beste plataformek bete-betean harrapatu naute, eta pelikulak-eta streaming bidez ikusten ditut.

Plataforma gehienen kasuan –HBO izan ezik–, produktu horiek guztiak, film, dokumental edo telesail horiek, lainoan bakarrik daude ikusgai, sarean, Interneten; produktu fisiko bezala ez dituzte merkaturatu, ez DVDan, ezta Blurayean ere. Netflixen, Apple TVren edota Movistarren produkturen bat ikusi nahi baduzu, Interneterako sarbidea izan behar duzu bai ala bai; ezingo dituzu erosi film edo telesail horiek inongo dendetan, etxeko baldetan polit asko geratuko balira ere. Musikaren kasuan antzera gerta daiteke: talde edo bakarlari batek erabaki dezake bere azken kanta edo diskoa Interneten bakarrik publikatzea, eta dirurik ez gastatzea ia inork erosiko ez duen disko bat argitaratzen. A zer tristura.

Horrek badu arrisku bat, eta da orain bertan erraldoiak diren eta mundu osora zabaldu diren plataforma horiek desagertzea, porrota izatea eta modu batera edo bestera kontsumitu nahi ditugun produktu horiek guztiak ez egotea etorkizunean inoren eskura. Telesail edota film horiek formatu fisikoan argitaratuta egongo balira, oraindik izango genuke ikusteko aukera, baina ikus-entzunezkoen plataforma gehienen kasuan ez da hala gertatzen. Imajina dezakegu orain gutxi denen ahotan egon den Blonde filma desager daitekeela egun batetik bestera? Edo Alfonso Cuaronen Roma? Eta The Lord of the Rings: The Rings of Power derrepentean eterrean galduko balitz? Tolkienen frikiek onartuko ote lukete hori? Ikus-entzunezkoekin gertatzen dena musikarekin berdin-berdin gerta daiteke: egun batetik bestera talde baten diskografia osoa desager daiteke.

Agian katastrofista samar ari naiz jartzen, baina aditu batzuek eman dute dagoeneko arrisku horren berri. Hala, horren jakitun direlako, edo, onar dezagun, postureoagatik sarritan, musikaren salmentak gora egin du berriro ere euskarri fisikoan. Behingoagatik modan ere ba ote nago?