Prokrastinazioa

Erabiltzailearen aurpegia

Ordubete pasa daramat sofan botata postura berean, ezer egin gabe. Ez telebistarik, ez musikarik, ez libururik, komikirik edo aldizkaririk. Ezer ere ez. Neuronei oporrak eman dizkiet. Ohikoa baino entze​​falograma lauagoa dut oraintxe.

Ordubete pasa hormari begira. Justu-justu begiak mugitzen ditut; burua, berriz, ahalik eta gutxien; egoera honetan lepoko bihurdura bat edukitzeko arriskua izango nuke. Begiak mugitze horretan konturatu naiz aitarena zen bonsaiari hosto txikiak ateratzen ari zaizkiola. Joño, eta nik pentsatzen nuen landarea lehortu zela, ez nintzela gai izan behar bezala zaintzeko. Nora bota beharko nukeen pentsatzen ere egon nintzen orain aste batzuk: hondakin organikoen edukiontzira, edo errefusakora? Oker ez banago, lurra organikora ez zela bota behar esan ziguten bere momentuan. Baina zer egin behar da landare berarekin? Ez, beste behin ere udaberriarekin biziberritu da bonsai zaharra. Hori bai, lur pixka bat gehiago jarri behar diot, sustraiak airean ditu eta. Beno, hori bihar.

Begirada eskuinera mugitu eta ikusi dut ate atzean markoa eta horma lotzen dituen amaraun bat dagoela. Eta ez hor bakarrik (begiratua ezkerrera), kaktusaren besoen artean ere bai. Bizitza badago gela honetan! Armiarma txiki bat bada ere. Espero txikia izatea; araknofobiara ez da helduko, baina ikara minimo bat sortzen didate eta armiarmek. Amaraun horiek ere kendu beharko nituzke etxea txukun eduki nahi badut, baina orain momentuan ez naiz pertsona; prokrastinazioa haragitu duen izaki unizelularra naiz. Nire burua IU bezala definituko banu, inork ulertuko ote luke?

Eta hor erdian, ez ezkerrean ez eskuinean, dago DVDz betetako balda. Zenbat denbora, zenbat urte film horiek ikusi gabe? Asko, gehiegi ez esatearren. Pentsa zer ilusiorekin erosi nituen bere garaian, eta hor daude orain abandonatuta, hautsa pilatzen. Neurona bat saltoka hasi zait, eta aspaldi buruan ez nuen gogoeta bat ekarri dit berriro burura: hiltzen naizenean, DVD horiek, disko horiek guztiek, liburuek, komikiek, urteekin bildutako eta pilatutako beste gai, tresna eta produktu denek garbigune batean bukatuko ote dute? Deprimitzeko garaia al da? Ez, gaur ez; neuronari geldirik egoteko esan, eta berriro hormari begira jarri naiz.

Ez dut erlojua begiratu nahi. Ondo dakit jogurta (anana zaporekoa, inork galdetzen badu) jan ondorengo egonaldi hau ordu eta erdira hurreratzen ari dela, eta lanera bueltatu beharko nukeela. Baina jakinda etorkizunera begira nire asmo, amets eta helburua (pentsio txukun batekin) erretiroa hartu eta bizitza honetan beste lerro bat bera ere ez idaztea dela, entrenatzen hasia naiz. "Zer egingo duzu erretiratzean? Aspertuko zara!", diote batzuek. Bai, bai, nahi duzuena. Batzuk aspertzeko jaioak gara, baita besteak aspertzeko ere.