Memoriaren zabortegia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko abe. 31a, 16:00

Gure burmuinak informazioa gordetzeko duen edukiera mugatua da? Mugagabea? Nire kasuan biltegia baino gehiago da zabortegia.

Auskalo zergatik, baina badakit Ivan Campok, Real Madrileko futbolari ohiak, Ingalaterrako Bolton futbol klubean jokatu zuela. Futbola ezer gutxi inporta zait, Real Madril gutxiago, eta Ivan Campo zer esanik ez; Bolton non dagoen ideiarik ere ez dut, baina informazio hori burmuinean txertatuta daukat.

Futbolarekin jarraituta, ez dut ahazten institutu garaian, errekreoan, kirol horretan aritzen nintzen une eskasetan, bi gol sartu nituela: bat neure atean (biba ni!), eta bestea aurkarienean, eskuadratik gainera, baloiak kokotean jo eta gero. A zer gola, hori bai!

Atzo gertatu balitz bezala gogoratzen dut 1993. urtean Gasteizera joan ginela Azpeitiko lagun batzuk eta ni Babes in Toyland talde estatubatuarraren kontzertua ikustera; Elefante Blanco aretoan izan zela; behin aretoan sartuta, komunera joateko beharra nuela, atez konfunditu eta kamerinoan sartu nintzela, eta taldea osatzen zuten hiru emakumeak begira geratu zitzaizkidala; gaua Gasteizen pasa eta hurrengo egunean Ordiziara joan ginela autoan, Kilometroetara, Neil Youngen musika topera genuela; behin Ordizian, txiza egitera joan, lagunak galdu, ezagutzen ez nuen Ermuko tipo batekin edaten hasi, eta, zorionez, egunaren amaieran lagunak aurkitu nituela, ze, bestela, ea nola demontre bueltatuko nintzen etxera.

Agian nire bilakaera emozionalean funtzioren bat izango du, baina hor dut buruan bueltaka, txikia nintzela, Getariatik Zumaiara autoz bueltatu behar genuela, Matutanoren urdaiazpiko zaporeko patatak jan nituela, autoa martxan jarri eta bost segundora mareatu nintzela, sekulako botagurea nuela, eta Zumaiara heltzeko kilometroak ez, metroak kontatzen egon nintzela.

Aieteko konferentziaren egunean ez dakit non egongo nintzen, baina ez zait burutik borratzen behin institutuan, pozaren pozez, esan nuela kloroaren eta formolaren uztartzetik sortu zutela kloroformoa. Esan beharrik ez daukat zientzietan ez nintzela eminentzia handia...

Eta metabolismoagatik izango da, baina Georgie Dannen “La cerveza que buena está, rubia o morena, eso que más da” estribilloa itsatsita geratu zitzaidan abestia behin bakarrik entzunda. Hori ere hor daukat burmuineko izurren artean kateatuta, eta saiatuta ere ez doa.

Ezinbesteko bizipen horiek denak, denok gogoan izan nahi duzuen informazio hori guztia, oraindik izenik ez duen liburu batean biltzekoa naiz. Datorren urteko Durangoko Azokan izango da eskuragarri.