“Hau inoiz egin den pelikularik onena da”

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko ira. 11a, 10:30

Dorre bikien aurkako erasoen hogeigarren urteurrena betetzen da gaur. Adin bat dugun ia guztiok gogoan dugu arratsalde hartan non geunden, eta zertan ari ginen.

Hogei urte igaro dira ordutik, baina ondo gogoan dut arratsalde hartan bizitakoa. Garai hartan BALEIKEn egiten nuen lan –aldizkaria, gainera, hamabostekaria zen orduan, horrek suposatzen zuen lanarekin–, baina baita DVn ere. Zumaiako korrespontsala nintzen 1999ko udatik. Hori nahikoa ez, eta Garan ere kolaboratzen nuen ordezkapen bat egiten: zineko kritikak egiten nituen, eta telebistan ematen ziren filmeen inguruan idazten nuen egunero. Bai, pertsona bera hiru hedabidetan... zein baino zein kontrajarriagoak... El Mundon idaztea bakarrik falta zitzaidan.

Eguneko lanak ondo eramaten nituen: goizean BALEIKEko lanak egiten nituen, eguerdian DVrako orria idatzi, eta bazkalondoren Garakoa. Ahal zenean, ia beti, arratsaldea libre hartzen nuen. Orain hogei urteko astearte hura bide beretik zihoan. Bazkalondoren ordenagailu aurrean jarri nintzen eta hurrengo egunean telebistan emango zituzten pelikulen arteko aukeraketa egiten jarri nintzen: zein destakatuko nuen, zenbat izar emango nizkion bakoitzari, zer filmari emango nion zero borobil bat, etab.

Arratsaldeko 3rak inguru ziren aita hurreratu zenean.

-Zerbait gertatu da Nueva Yorken. Abioi bat raskazielos baten kontra jo da. Telebisioan ematen ari dira orain.

Aulkitik jaiki, eta egongelara joan nintzen telebista ikustera. Atetik egon nintzen begira, sofan eseri gabe. Ez nuen pentsatzen ezer larria izango zenik, nahiz eta ke lodia ateratzen zen dorre batetik. Lanera bueltatu nintzen, kritiken kontua lehenbailehen gainetik kentzeko.

Handik minutu gutxira bueltan zen aita.

-Beste abioi bat! Beste abioi bat beste torrearen kontra!

-Nola beste abioi bat? Aurrekoa izango da, repetizioa.

-Ezetz! Beste abioi batek jo duela beste torrearen kontra!

Dena utzi eta telebistaren aurrean jarri nintzen, oraingoan bai, eserita, sinestu ezinik zer gertatzen ari zen. Ez zen beldurra; oraindik ezin zen jakin zer etorriko zen ondoren, baina bai harridura, halako zerbait ezin zelako gertatu, ezta? Gainera, zuzenean ari ginen dena ikusten: dorreak sutan, kea nonahi, puntu beltz batzuk eraikinetatik erortzen... Gero jakin genuen salto egiten ari zen jendea zela. Une horretan, zuzenean, ez zegoen hori estaliko zuen zentsurarik. Eta halako batean dorreetako bat erori zen; denbora pixka batera bigarrena. Sinesgaitza.

Sofatik jaiki, laneko erabiltzen nuen gelako telefonoa hartu –orduan ez nuen mugikorrik–, eta Garara deitu nuen.

-Gaur pixka bat tardatuko det. Nueva Yorkeko hori ikusten nago, eta...

-Bai, gu ere hala gaude.

Geroago jakin zen beste bi hegazkin ere bahitu zituztela. Halako batean idatzi nuen Garakoa, burua auskalo non nuela. Arratsalde-gaua telebista aurrean pasa nuen, erasoak eta haren ondorenak zuzenean ikusten. Amak noizean behin zioen:

-Hau ez da ari benetan gertatzen, ezta? Hau pelikula bat izango da.

Egun horretan bertan, hurrengo egunetan, hurrengo urteetan, erasoen irudiak ematen zituzten bakoitzean, dorreak erortzen ikusten zituenean, amak gauza bera errepikatzen zuen:

-Hau inoiz egin den pelikularik onena da.

Benetan gertatu izan ez balitz, hala izango litzateke.