Kritika: Liherren rockak hartu du Zumaiena

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko urt. 23a, 10:29
Liher, atzo, Zumaienako oholtza gainean (Juan Luis Romatet)

"Sismografoa eta lurrikara, bando berean indartu gara" dio atzo jo zuten Sismografoa eta lurrikara abestiak. Sismografo batek akaso jasoko zuen Liherren eztandak atzo Zumaian sortutako lurrikara.

Negu giroa kalean, rock zaparradak barruan. Liher laukoteak kontzertua eman zuen ostiral arratsaldean Zumaienako aretoan. Beste bat! zikloaren barruko emanaldia izan zen, eta zikloko aurreko ekitaldietan bezala, entzuleek ondo erantzun zuten. Ehun lagunetik gora hurreratu zen kontzertua jarraitzera; adin desberdinekoak, baina gazteak bereziki. Herria izurriteagatik itxita dagoela ikusita, ez zen kopuru txikia izan.

Lide Hernando abeslari donostiarraren bueltan sortutako taldea da Liher. 2015. urtean sortua, urte gutxi hauetan hiru disko grabatu dituzte dagoeneko; azkena iazko Hemen herensugeak daude. Rock gogorra jotzen du taldeak, pisutsua une batzuetan. Stoner, metal eta punk ukituak dituzten abestiek jotzen dituzte Lide Hernandok (ahotsa eta gitarra), Iñigo Etxarrik (gitarra), Joshka Natkek (baxua) eta Ander Berzosak (bateria) osatutako laukoteak. Baina ekaitzaren artean badaude barealdiak.

Egoera pandemiko honek bere eszenatoki naturaletatik antzokietara eraman du taldea, eta abeslariak esan bezala, “hor konturatzen gara zer soinu ateratzen dugun”. Kanta kañeroen artean geldoagoak ere jo zituzten, baita hazten eta indartzen doazen baladak ere. Bizkarrezurra mugitzeko moduko erritmoak, edota popak ere izan zuten lekua. Horren adibide da Thelma & Louise abestiaren erdian txertatutako Blondie newyorktarren Call me dantzagarria. 

Emozioek ere badute lekua Liherren abestietan eta emanaldietan, eta horren erantzule nagusia Hernando bera da. Bai Etxarrirekin batera, gitarra soil batekin abestutako Zure azal baladan, baita erritmo azkarragoko edo pisu gehiagoko kantetan ere pasioa jartzen du abeslariak; bere ahotsak protagonismoa hartzen du abesti horietan. Hori da taldea bereizten duen faktoreetako bat.

Azken diskoari izena ematen dion abestiarekin amaitu zuten ordu eta laurden pasako kontzertua. Ez zen bisetarako tarterik izan. Aretoko argiak piztu ahala, txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten entzuleek taldea. "Sismografoa eta lurrikara, bando berean indartu gara" dio atzo jo zuten Sismografoa eta lurrikara abestiak. Sismografo batek akaso jasoko zuen Liherren eztandak atzo Zumaian sortutako lurrikara.