Hamarkada bat, hamar pelikula

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko urt. 7a, 08:20

Krisialdi ekonomikoan murgilduta hasi genuen 2010eko hamarkada, eta osasun krisian buru-belarri sartuta agurtu berri dugu. Tartean milaka pelikula estreinatu dira, eta horietako gutxi batzuk besterik ez zaizkit memorian itsatsita geratu.

Kontaezinak dira urtean zehar estreinatzen diren pelikulak. Lehen zinema aretoetan erakusten zituzten asko, eta batzuk zuzenean bideora bideratzen zituzten. Hamarkada honetan paradigma aldaketa izan da, eta streaming bidezko plataformak sortu dituzte. Estudioetako edo ekoizpen etxeetako lanak erakutsi bakarrik ez, plataforma beraiek zuzenean sortu dituzte filma asko, plataforma beraietan emateko. 

Kantitatea baino, kalitatea da inporta duena, eta atzean utzi dugun hamarkadan ere izan dira pelikula on ugari. Hamar hauek horren adibide bat besterik ez dira. Ez dira onenak izango, nork daki, baina ikustea merezi duten horietakoak dira. 

El topo (Tomas Alfredson, 2011)

Orain gutxi hildako John Le Carré idazlearen eleberri batean oinarritutako pelikula. Filma honetako espiak ez dira saltoka eta saltaka mundua salbatzen aritzen martiniak hartzen dituzten bitartean. Bulegoko langileen antza gehiago dute espioioena baino. Aktore talde apartarekin (Gary Oldman hori), atmosfera, giroa zaintzen dute gerra hotzean girotutako thriller zoragarri honetan. 

En la casa (François Ozon, 2012)

Zinemagile emankorra da Ozor frantziarra. Urtero estreinatzen du filmaren bat, batzuk besteak baino hobeagoak; generoen artean saltoka ibiltzen da, eta Donostiako Zinemaldiko urrezko mazkorra irabazi zuen Dans la maison hau da interesgarrienetakoa. Errealitatea eta fikzioaren artean salto egiten duen istorioa proposatu zuen Ozonek. Normala halako saria jasotzea. 

Solo Dios perdona (Nicolas Winding Refn, 2013)

Danimarkarra da Winding Refn, eta bertan egin zituen bere lehen lanak. Drive arrakastatsuarekin Estatu Batuetako zinera egin zuen salto, bere jaioterrian egin bezala, estetika boteretsua eta indarkeria uztartuz. Hurrengo lana izan zuen Only God Forgives hau. Estetika eta biolentziaren dantza horretan pauso bat ez, bost eman zituen aurrera, eta amesgaiztotik hurbil dagoen lan gogor, txundigarria aurkeztu zuen. Ez zen ez denen gustokoa izan.

Moonrise Kingdom (Wes Anderson, 2013)

Estetika propioa duen zinemagilea da Wes Anderson estatubatuarra. Telebistako mila eta bat anuntzioetan imitatu nahi izan dute estilo hori. Bi nerabeen arteko maitasun istorioa kontatzen duen Moonrise Kingdom honetan zertxobait ihes egiten du Andersonek berea den estilotik, baina ez hainbeste ere. Erromantazismoa, umorea, lilura uztartzen ditu komedia.

Her (Spike Jonze, 2013)

Joker lanarekin irabazi zuen Oscarra Joaquin Phoenix aktore estatubatuarrak. Pertsonaia gogorretan, intentsoetan murgiltzen da Phoenix bere lan gehienetan. Hemen joera horretatik ihes egiten du, eta aurpegi sotilagoa erakusten du, eta, bai, sistema operatibo bateko ahotsaz maitemintzen den pertsona bakarti batean gorpuzten da. Sentibera ere izan daitekeela erakusten du Phoenixek. Erromantizismoa garai digitaletara eramanda.

Antes del anochecer (Richard Linklater, 2013)

Urte batzuk ditugunentzako zineak eman duen maitasun istorio ederrenetako baten azken (?) kapituloa suposatzen du filma honek. Céline eta Jesse Vienan ezagutu ziren 1994an eta gau bat igaro zuten elkarrekin (Antes del amanecer, 1995); Parisen egin zuten topo bederatzi urte geroago (Antes del atardecer, 2004), eta bederatzi urte ondoren, haurrak dituzten bikote direla, Grezian aurkitzen ditugu berriz. Harremanaren krisialdia lantzen dute Richard Linklater zuzendariak, eta Julie Delpy eta Ethan Hawke aktoreek lan honetan. Egongo ote da laugarren kapitulorik?

La isla mínima (Alberto Rodriguez, 2014)

Frankismoaren amaiera, hiltzaile bat, bi polizia zein baino zein desberdinagoak, eta Guadalquivir ibaiaren itsasoratzeak ematen duen kokapen txundigarria. Alberdo Rodriguez zinemagile andaluziarrak thriller aparta egin zuen osagai hauekin. Behin eta berriro ikus daitekeena.

Magical girl (Carlos Vermut, 2014)

Espainiako zinemagintzak oso noizean behin eskaintzen duen lan borobil, arraro, eta bakar horietako bat. Lehen minutuetan ez duzu ezer ulertuko, baina kontatzeko moduak eraman egiten zaitu istorioan sartzen zaren arte. Kontatzeko era, aktoreen lan zoragarria... Donostiako Zinemaldiko lehen saria irabazi zuen Carlos Vermuten lan honek.  

El club (Pablo Larrain, 2015)

Txilen, kostaldeko etxe batean bizi da gizon talde bat. Apaizak, Eliza Katolikoarekin harremana duten pertsonak dira, eta 'erretiratuta' bizi dira, Elizak berak hala behartuta. Sexu erasoak egin dituzten pertsonak dira, eta "lasai" bizi dira, denak eztanda egiten duen arte. Pablo Larrain txiletarra gaur egungo zinemagile interesgarrienetakoa da, eta hau da bere lanik deserosoenetakoa.

Parasitos (Bong Joon-ho, 2019)

Oscar sarietan historia egin duen lana. Hego Koreako filma honek atzerriko lan onenaren saria irabazi zuen, baina baita urteko onenarena ere. Eta bere ibilbidearen hasieratik (Memories of murder, The host, Mother) Bong Joon-ho zinemagilearen jarraitzaileak garenok txalo egin genuen, eskuekin, belarriekin, oinekin ere. Parasitos honetan bere karreran jorratu dituen gai guztiek bat egiten dute modu ezin hobean.