Oroitzapenak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko urr. 2a, 10:00

Ume bat izan, zuhaitz bat landatu eta liburu bat idatzi. Hiru horiek bete gabe ez omen zara bizitzan inor. Umerik ez dut; zuhaitzen bat landatzen lagundu dut, Zuhaitz Egun batean; eta hitz bat bestearen atzetik jartzen urte dezente badaramat ere, ez dut libururik idatzi. Beraz, ba ote naiz zerbait bizitzan? Hobe ez galdetzea ere, erantzun mingarriren bat jaso nahi ez badut, behintzat.

Lagun edo ezagunek esan izan didate oroitzapenen liburu bat atera beharko nukeela behin kazetaritza lanak uzten ditudanean, mendeku moduan edo. Ez zen gaizki egongo... taxuzko zerbaitez akordatuko banintz. Hori da eta kontua: burua oroitzapenez beteta izanda ere, benetan inporta duen ia ezertaz ez naizela akordatzen. Agian benetan inporta duen ezer bizi ez dudalako...

Gogoan dut zazpi bat urte nituenean argizari pote bat bota nuela balkoitik, eta amak kristoren bronka bota zidala. Gogoan dut ikastolatik Iruñera (edo Gasteiz izango zen?) joan ginela, eta eraikin baten sarreran (museo bat edo izango ote zen?), ate ondoan, maleta bat zegoela; harekin baboarena egiten hasi nintzela (nola ez), eta irteterakoan polizia mordoa zegoela maleta haren bueltan, lehergailua edo izango zelakoan. Gogoan dut aitarekin hartu nuela lehen zerbeza, gaseosarekin, etxeko sukaldean; arraskara hurreratu nintzela, botaka egingo banuen ere, eta aitak esan zidala tontoa ez izateko. Gogoan dut opari bezala jaso nuen lehen singlea OMD taldearen Enola Gay izan zela; erosi nuen lehen diskoa Madnessen One step beyond izan zela, lehen disko konpaktua Van Morrisonen Astral weeks (Azkoitiko Maxieroskin), lehen VHSa The Blues Brothers eta lehen DVDa Moulin Rouge.

Gogoan dut lan honetan hasi eta egun gutxira sekulako iskanbila izan nuela abesbatza bateko zuzendariarekin. Gogoan dut Gipuzkoako egunkari salduenean lanean hasi eta berehala Donostiara joan behar izan nuela, bronka bat jasotzera, idatzitako lehen ez-dakit-zenbat orri euskara hutsean izan zirelako. Gogoan dut Joxe Mari Korta hil zuten egunaren biharamunean piraguismoari buruzko artikulu bat joan zela Zumaiako orrian, eta lanbide honetan halako lotsarik gutxitan pasa dudala. Gogoan dut Odieta frontoi zaharreko harmailan eserita nengoen batean garai hartan Zumaian gobernuan zegoen alderdiko bi zinegotzi alboan eseri zitzaizkidala –bat ezkerrean, bestea eskuinean–, eta halako “solasaldi-bronka” bat eman zidatela. Gogoan dut, urte batzuk geroago, Odieta frontoian nengoela, zutik, harmailarik eta sabairik ez zegoelako, Zumaian gobernuan zegoen alderdiko zinegotzi bat –beste alderdi batekoa– ondoan jarri eta “solasaldi-bronka” bat eman zidala. Gogoan dut Gaztela eta Leongo herri batean, gauerdian, Kasiopea konstelazioaz hitz egiten aritu nintzela Zumaiako alkate ohi batekin. Eta gogoan dut bere arrebek nola esnatzen zuten anaia-etxeko gizona Saharako errefuxiatuen kanpalekuko etxe batean.

Halako oroitzapenak ditut. Ikusten den bezala, interes gutxikoak. Hala ere, norbaitek eskaintza (ekonomiko) bat egiteko gogoa badu, badaki non nagoen.