Beste Bartzelona bat

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko eka. 25a, 08:25

Lautan izan naiz Bartzelonan, nik dakidala. Bosgarren batean egon izanaren susmoa ere badut: Badalonan egindako rock festibal batean egon nintzen orain dela hogeitapiko urte –oraindik kamiseta gordeta daukat–, eta pentsatu nahi dut, gogoan ez badut ere, aurretik Bartzelonan izango ginela. Edo ez? Karlos, Jon, zuek hobeto jakingo duzue hori.

Flyscharen ibilbidea Bartzelonako turismo ferian aurkeztu zuten, eta han egon nintzen kazetari plantak egiten, nahiz eta denbora gehiago pasa nuen ondoko pabilioian, komiki ferian. Lana eta bizioa balantzaren bi aldeetan jarrita, zerk uste duzue pisatu zuela gehiago? Ordutik beste hirutan izan naiz, hiruretan ere kontzertuak ikusten: Sílvia Pérez Cruz 2017an, Eels urtebete geroago eta Massive Attack iaz.

Denbora gutxian hiruzpalau alditan izan banaiz ere, ezin esan hiri bezala gustatu zaidanik. Beste hiri batzuetan (Madrilen, kasu) eroso sentitzen naizen bezala, Bartzelonan ez zait hori gertatzen. Eta ez naiz masifikazioari eta turisten inbasioari buruz ari, ni neu turista naizelako beste herrialde batera, beste hiri batera, beste leku batera joaten naizenean. Bizkarrean motxila daramana, baina turista, azken finean.

1992ko joko olinpikoetatik hona hiria asko aldatu dela diote orduko Bartzelona zikina eta kanalla ezagutu zutenek, eta denborarekin mundu osoko bisitariak jasotzen dituen helmuga turistikoa bihurtu da; hori da nik ezagutu dudan hiria. Pereten edo BB sin Seden musikan, edo literaturan aurkitzen dut beste Bartzelona haren testigantza; Manuel Vázquez Montalbánek sortu zuen Pepe Carvalho detektibe pribatu, gastronomo eta liburu erretzailearen sagan, adibidez. Hernan Migoyak eta Bartolome Seguík liburu horiek komiki bihurtzeko ardura hartu dute, eta Bartzelona hura irudikatu bakarrik ez, “ikusi” ere egin dezaket orain binetetan.

Carlos Zanónen liburuetan aurkitu ditut, baita ere, turismo gidetatik kanpo geratu den Bartzelona horretako zantzuak. Garoa liburu dendara egindako bisita batean erositako Taxi irakurri nuen lehenbizi, eta horren ondoren, pixkanaka, saturatu gabe, neure burua ezagutzen dut eta, beste batzuk erori dira: Tarde, mal y nunca eta Yo fui Johnny Thunders, oraingoz; Brighton 64 rock taldearen El tren de la bruja diskoko kontakizuna edo libretoa ere berea da. Vascos por el Mundo telebista saioan agertuko ez diren jendeak eta lekuak eramaten ditu bere orrietara: putak eta puteroak, drogazaleak eta gameluak, etorkinak eta txarnegoak, aldiriak, bingoak, oraindik ere aluminiozko barrak dituzten eta txinatarrek kudeatutako auzuneko tabernak... Ez dut uste jende hori Liceun edo Palau de la Musican ikusiko dugunik.