Happy ending baten beharra

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko eka. 2a, 08:41

Wali,

Nube negra, edo, egunaren arabera, nubarroi galanta. Hala naiz, ez dut kontrakorik esango; ez naiz optimista, ez dudalako halakoa izateko arrazoirik izan inoiz. Baina Spielberg aipatu duzu zure azken gutunean, eta denbora baterako bada ere, lainoak desagertu eta eguzki borobila agertu da zeruan.  

Azken asteotako egoera bere filmografiako altxor batzuekin jantzi duzu. Beste pelikula bat gehituko dut: “Duel”; ertzainen kotxea (utzi ditzagun txaperuak bakean) aipatu dituzun azpeitiarren atzetik, pertsekuzio amaigabe batean, hondartzan hiru ordu baino gehiago pasa dituztelako. Gainera, ez zuten kontsumituko kantinan... Esan behar nuen Narrondotik gorakoei multak jarri beharko zitzaizkiela etortzeagatik bakarrik, baina Urola arribako lankideak ditut, eta hobe ez ezer esatea. Hori bai, gure robotak Amity Islandeko txaketa horteradun alkatearen antza ez, “Piraña”-ko jolas parkeko jabearen antza gehiago du, serie Bkoa, korbata dotoreak eramanda ere.

Maite dut Spielberg. Pelikula kaskarrak baditu, ados, baina nire pelikula gogokoenen artean bospasei bereak dira: aipatu dituzun “Tiburon” eta “Encuentros en la tercera fase”, eta nik gehitu dudan “Duel”, edo “El diablo sobre ruedas”. Eta “En busca del arca perdida”, Indiana Jonesen lehena. Agian ez zen hala izango, baina nire memorian grabatuta daukat pelikula hori Aita Mari zine zaharrean ikusi nuela orain ia 40 urte (denbora berriro ere...), bakarrik, eta etxerakoan astebete egon nintzela lata ematen, ingurukoak ernegatu nituen arte. Pelikula hori ikusi ondoren arkeologo bihurtu nahi izan nuen; gero jakin nuenean arkeologoak ez zirela ibiltzen latigoarekin eta pistolarekin altxor ezkutuen bila, makurtuta egoten zirela, brotxak eta zepiloak eskuan, lurretik hezurrak edota zeramika piezak ateratzen, ametsa ihartu zitzaidan. Nork daki, agian arkeologo bidea jarraitu behar nuen...

Ostarrena zine klubeko kide izan nintzenean lagunei esaten nien Friedkinen “French Connection” edo “El Exorcista” pelikulek gehiago balio zutela Bergmanen filmografia osoak baino. Aurreko gutunean “Harry el Sucio”-gatik berdina nioen, ikusten da zenbateko aprezioa diodan Bergmani... Abelin eta konpainia probokatzeko esaten nuen, nahiz eta benetan hala pentsatzen nuen, eta hala uste dudan oraindik ere. Zeinek nahi du heriotza eta suediar zaldun baten arteko xake partida bat ikusi, beste pelikula horretan inoiz egin den kotxe pertsekuzio onena dagoenean. Ba Spielbergen pelikulekin berdin gertatzen zait. Aguretuta dago jada eta zaila izango da, baina Estatu Batuetan gaur egun gertatzen ari diren arrazakeria kasuen eta iskanbilen inguruko bere erretratu bat ikusi nahiko nuke, orain urte batzuk, “Munich”-en, Israelek sustatutako estatu-terrorismoaren inguruan egin zuen bezala.

Eta bai, nahiko nuke behingoagatik bada ere gurean Spielbergen amaiera capriano bat izango bagenu eta ez Ken Loachen drama gordin bat. Benetan diot halako bukaera optimista, happy ending bat, nahiko nukeela gu denontzako. Gaur ez diot utziko laino beltzei zerua estaltzen, ez.