Pavloven txibierroak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko ira. 1a, 14:38

Ivan Petrovitx Pavlov mediku, fisiologo eta psikologo errusiarrak (1849-1936) Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen 1904an digestio guruinei buruz egin zituen azterketengatik. Hori hala izanda ere, txakurrekin egindako esperimentuengatik da ezagunagoa. Askok entzun dugu Pavloven txakurra terminoa, nahiz eta ziur ez jakin zer dagoen bi hitz horien atzean.

Psikologia eta hezkuntzako pertsonaia garrantzitsuenetakoa da Pavlov, baina, harrigarria badirudi ere, bere lehen asmoa txakurren listu jariaketa aztertzea izan zen. Hauxe dakar Wikipediak: “Bere esperimentuak egiten zituen bitartean, esperimentua behin eta berriz errepikatu ondoren, atentzioa eman zion txakurrek adurra sortzen zutela Pavlov ikusten zutenean. Hori gertatzen zen animaliek ikasi zutelako Pavlov atetik sartzen zen bakoitzean, edozein momentutan janaria jasoko zutela. Aurkikuntza horren ondorioz, fisiologoari esperimentu sail bat bururatu zitzaion: kanpai bat jotzea txakurrei janaria eman baino lehen, eta, horrela, listu produkzioa neurtzea. Pavlov ohartu zen kanpai hotsa janariarekin lotzeko txakurrak entrenatzen zirenean, listua produzituko zutela nahiz eta janaririk ez egon. Hau da, kanpai hotsak listua produzitzea eragiten zuela janaria aurrean izango balute bezala. Esperimentuak frogatu zuen txakurren erantzun fisiologikoa, listu jariaketa, kanpai-hotsaren estimulura lotua zela” [1].

Susmoa badut Pavloven oinordeko bat, edo haren ikerketak jarraitu zituen zientzialari bat, gure artean izan zela esperimenturen bat egiten gure gurasoak eta gu geu ohartu gabe. Nire ustea da, eta ez pentsa horregatik konspiranoiko hutsa naizenik, euskal musikarekin eta gastronomiarekin esperimentatu zuela pertsonaia makiaveliko horrek. Txakurrei kanpai hotsak entzuteak txistu jarioa handitzen zien; Interneteko foroetan egindako ikerketa sakonek diote, berriz, Aldapan gora entzuteak txibierroak jateko gogoa eragiten digula. Izan ere, zergatik jartzen digute Zumaiako tabernetan igande goizetan euskal musika –trikitixa, Urtzen gauza horiek, Sing-Sing-Atiko folk & rolla– txibierroak edo, Zumaian diogun bezala, rabak jateko ez bada? Bexamela eta pastela jartzen diguten bakoitzean, akaso ez zaigu ahoa txistuz betetzen eta ez gara rabetan pentsatzen jartzen? Zergatik ez dute Eperra arratsaldeetan jartzen? Agian txibierroak garai horretan zerbitzatzen ez dituztelako?

Galdera gehiegi, zalantza gehiegi. Gasteiztar unibertsalak dioen bezala, aztoragarria da hau dena.

[1] https://eu.wikipedia.org/wiki/Ivan_Pavlov