Mary Agnes eta Denis

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko uzt. 31a, 09:07

Mary Agnes Donahuek 17 urte zituen 1975. urtean. Bere gurasoekin eta ahizpa zaharrarekin bizi zen Pasadena hiriko bizitegi auzo batean. Neska adeitsua, irribarretsua, ikasle ona eta musikazale porrokatua zen Mary Agnes. Jackson Five eta garai hartan sona hartzen hasia zen disko musika zituen maite, eta asteburuetan hiriko diskoteketara joaten zen lagunekin dantza egitera eta mutilak ezagutzera. Apirilaren 24an, ordea, Los Angelesera joan zen Dolores ahizparekin Pink Floyden kontzertu bat entzutera. Berez ez zuen Pink Floyd gogoko, zaharren “rollo txar” bat iruditzen zitzaion. Baina Doloresek laguna behar zuen kontzertura joateko, eta baiezkoa esan zion.

Gurasoen Chevroletean egin zuten Los Angeleserako bidaia. Udaberriko egun eder bat zen. Kontzertua estadio olinpikoan izan zen, eta heldu zirenerako iluntzen hasita zegoen. Harmailetan gora eta behera ibili ziren beraien eserlekuak aurkitu zituzten arte. Hot dog eta Coca Cola bana zituzten eskuetan. Eseri, eta afaltzen zuten bitartean, gauza batez eta besteaz hitz egiten hasi ziren. Halako batean, mutil gazte bat eseri zen Mary Agnesen alboan. Ile motxa zuen, beltzarana zen eta The Doors taldearen kamiseta bat zeraman jantzita. Galduta egongo balitz bezala begiratzen zuen ingurura, hura bere lekua izango ez balitz bezala.

Halako batean, argiak itzali ziren eta Pink Floydeko lau taldekideak azaldu ziren agertokian. Lehen kanta amaitzerako estadioa sutan zegoen; bertaratutako milaka lagunak txaloka eta oihuka ari ziren… Mary Agnes eta aldamenean zuen mutil beltzarana izan ezik. Hauek isilik zeuden. Mary Agnesek begi zeharka begiratzen zion mutilari. Gustatzen zitzaion, bai. Bigarren abestiko gitarra soloa 17. minutura heldu zenean, Mary Agnesek, erabat aspertuta, arnasa sakon hartu zuen eta bere burua aurkeztu zion alboan zuen mutilari.

- Kaixo, Mary Agnes naiz, eta zu?

- Ni Denis –erantzun zion honek.

- A zer rolloa den hau, ezta?

- Ba, egia esan, bai. Eskolako lagun bati konpainia egitera etorri naiz, eta ez da agertu.

Eta Mary Agnes eta Denis hitz egiten jarri ziren. Diskotekak zirela, surfa zela. Atzean eta alboan zituzten entzuleek, mesedez, isiltzeko eskatzen zieten, baina bikotea burbuila baten barruan zegoen, ez zituzten entzuten inguruko jendearen “shhhhhh” haiek.

Kontzertuetan hitz egitea moda bihurtu zen, eta, harrigarria bada ere, sare sozialik ez zegoen garai hartan, mundu osora zabaldu zen. Orain, Mary Agnes eta Denisi esker, ez dago kontzerturik hitzontzi, berritsu, berri ipurdi, berri lapiko edota kontakatilurik gabe.