Gustoko ditudan 12 bertsio

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko mar. 31a, 08:15

Pettik pasa den asteburuan kontzertua eman zuen Itziar. Hasi eta gutxira Leonard Cohenen The partisan abestiaren bertsioa jo zuen. Zumaiara bueltan gogoko ditudan bertsioen zerrenda egin nuen buruan. Kieto! Ez diot originalak baino hobeak direnik, nahiz eta batzuk, zalantzarik gabe, hala diren... niretzat, behintzat.

Zerrenda honetan ez daude rockeko eta popeko bertsio kanonikoak; ez dago Jimi Hendrixek Bob Dylanen All along the watchtowerren gainean egindako moldaketa, ezta ere Eric Claptonek Eric Claptonen Laylarekin egindako bertsioa. Hau sinatzen duenari gustatzen zaizkion bertsioak besterik ez dira. Gehiago ere badaude, baina horiek hurrengo baterako utziko ditugu.

1. Petti: The Partisan (Leonard Cohen).

Hasteko, Pettiren bertsio doa. Lehen aldiz entzun nuenetik gustatu zitzaidan. Egia da ez naizela Cohenen jarraitzaile sutsua, nahiz eta zerrenda honetan beste abesti bat ere badagoen. 

2. Mobydick: Martxa baten lehen notak (Mikel Laboa)

Hau ere Itziarren entzun nuen. Originalari buelta bat ematen dio Eneko Mobydickek. Nabari da amerikar rock gogor desertikotik datorrela. 

3. Ruper Ordorika: Ezekielen prophezia (Itoiz)

Itoizen bertsio bat jartzekotan, Amaia Monterok egindako gauza hura jar nezakeen, baina ez naiz hain krudela. Ruper Ordorikak Azukre koxkorrak diskoa atera zuen orain bizpahiru urte. Bertsioen diskoa zen hura, gehienak ederrak, eta baita kaxkar bat edo beste ere (Sarri, Sarri hura...). Ederrenen artean Itoizen hau dago. 

4. Devo: Satisfaction (The Rolling Stones)

Musikazale askoren esanetan hau da inoiz egin den bertsio onena. Rolling Stonesen abesti klasikoa hartu, eta turmixetik pasa zuten Devokoek, devoluzioko ariketa batean. 

5. PJ Harvey eta Björk: Satisfaction (The Rolling Stones)

Bjork & PJ Harvey - Satisfaction from kiya on Vimeo.

Bi emakume hauek ere egin zuten abesti honen bertsio propioa. Hau ere galanta. 

6. Calexico: Corona (Minutemen)

Arizonako desertura salto eginda, Calexicorekin egingo dugu topo eta Minutemen punk taldearen bertsio honekin. Punka eta mariachi ukituko rock elkarrengandik hain urrun ez daudela erakutsiko dute.

7. Calexico eta Jim James: Goin' to Acapulco (Bob Dylan)

Calexicoko Burns eta Convertino My Morning Jacketeko Jim Jamesekin elkartu ziren Bob Dylanen bertsio hau egiteko. Todd Haynes zuzendariaren I'm not there pelikularako egin zuten. Film hark Dylanen mila eta bat aurpegiak jaso zituen modu desberdin batean. Pelikula berezia da; filmerako egindako bertsio guztiak jasotzen zituen diskoa marabilla bat.

8. Giant Sand: Every grain of sand (Bob Dylan)

Arizonara bueltatuta, Howe Gelb eta bere talde Giant Sand aurkituko ditugu (handik atera ziren Calexico). Honek ere egin zuen Dylanen bertsio bat, bere galbahetik pasata.

9. Giant Sand: Cariñito (Ángel Aníbal Rosado)

Howe Gelb ez da geldirik egongo den pertsona, eta Tucson opera-rockean Peruko cumbia baten bertsioa egin zuen. Hasiera batean badirudi bere unibertsotik urrun egon daitekeela, baina ez. Gozamen hutsa da.

10. Dinosaur jr.: Just like heaven (The Cure)

Just like heaven pop perfekzioa da niretzat, inoiz egin den pop abesti onenetakoa. Dinosaur jr. hirukoteak ere hala pentsatuko zuen, eta bertsio indartsu hau egin zuen. 

11. Silvia Perez Cruz eta Raül Fernandez Miro: Pequeño vals vienes (Leonard Cohen)

Leonard Cohenen bertsio batekin hasi dut zerrenda, eta hemen kanadiarraren beste abesti hilezkor baten oraindik eta bertsio hobeagoa. Silvia Perez Cruzen ahots txundigarria, eta Refreeren gitarrak: emozioa, indarra, barreneraino heltzen zaizun marabilla absolutoa.

12. Colin Meloy: I believe (R.E.M.)

Honek badu tranpa txiki... edo handi bat. Young Fresh Fellows eta Minus 5 taldeetako buru den, eta urte askotan R.E.M.en kolaboratzaile izandako Scott McCaugheyk iktus bat izan zuenean, bizpahiru kontzertu antolatu zituzten haren ospitaleko gastuak estaltzen laguntzeko. Kontzertu horietako batean The Decemberists taldeko buru Colin Meloy igo zen agertokira R.E.M.en I believe abestera. Tranpa txikia diot, izan ere, R.E.M. taldeko lau kideetako hiru ziren agertokian abesti hau jotzen. Beraz, Meloyren bertsioa da? R.E.M. beraiek? Auskalo. Dakidana da kanta hau gozamena dela.