Polemiken artean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2019ko urt. 1a, 17:39

Tirabirak eta polemikak maite ditugu, Urkulluk Windsor korapiloko korbatak maite dituen bezala. Eztabaida bat sortzen denean gure iritzia emateko prest izaten gara, tertuliakide onenek egiten duten bezala. Denok dugu barruan Marhuenda edo Inda bat eta, sare sozialek eskaintzen duten anonimotasunaz baliatuz, iritzi emaile konpultsibo bihurtzen gara.

Azken hilabeteotan bi polemika handi izan dira euskal kulturaren edo, hobeto esanda, euskal musikaren munduan. Berri Txarrakek MTVren kontzertuan jo behar zuen edo ez? Datorren urteko Korrikarako egindako kanta txerrikeria hutsa da bai ala ez? Onartu behar dut ez dudala iritzi sendorik: ez naiz Berri Txarraken jarraitzailea, eta Korrikako kantaren bideoklipean Fermin Muguruza ateratzean urtikaria atake bat izan nuen eta stop botoiari eman behar izan nion (igarri da objektiboa naizela, ezta?).

MTVk Berri Txarrak San Mameseko kontzertuan jotzera gonbidatu zuenean ez nuen gaizki ikusi, taldearentzat aukera ona izango zelakoan mundu mailan ezagutzera emateko. Pentsatzen nuen, baita ere, euskarak eta euskal musikak bozgorailu bat izango zutela milaka lagunek entzungo zuten kontzertu batean. Baina han sortu zen zalaparta aldekoen eta kontrakoen artean. Batzuen iritziz anatema hutsa zen, zeinek eta Berri Txarrakek multinazional batek antolatutako eta Bizkaiko instituzioek diruz blaitutako kontzertu horretan jotzea, jakinda, gainera, Bilbon haren aurkako mugimendua piztu zela. Besteek (nik horien artean) zioten talde profesionala dela, musikatik bizi dena, eta halako aukera bati ezin ziola uko egin. Mk gogoratu zidan orain 10 bat urteko disko batean halako gauzen aurka egiten zutela. Erantzun nion  ea zer diferentzia zegoen kontzertu horretan jotzearen edo BBK Live bateko agertokira igotzearen artean. Ez dakit esperientzia ez zen kaltegarria izango taldearentzat; halako kontzertu batean jotzeagatik ez ote zituzten jarraitzaileak galduko. Auskalo, etorkizun hurbil batean ikusiko dugu hori.

Bigarren polemika handia datorren urteko Korrikaren Klika Korrika 2019 abestiarekin sortu da, haren egileek gaur egungo gaztediak ustez gogoko dituen erritmoen gainean eraiki dutelako bere lana. Trap, hip hop edo R&B doinuen gainean abesten dute Mad Muaselek, La Furiak eta, bai, euskal kulturako frigorifiko saltzaile onena den Fermin Muguruzak. Onartu behar dut kanta ez zaidala gustatu eta are eta gutxiago bideoklipa. Baina, aizue, ohiko jai giroko trikikantatik ihes egiteagatik bakarrik merezi izan du. Eta oihartzuna ere izan du: hau idazten dudan unean Youtuben 186.000 aldiz ikusi dute bideoklipa. Hori bai, bada ernegatu nauen zerbait eta da kanta kritikatu duten batzuen iritzia: “Hau al da gure umeek abestu behar duten kanta?”, galdetzen zuten. @zozomikote-k txio baten bidez ederki erantzun zuen. AEK helduak euskalduntzeaz arduratzen dela eta Korrika Txikiak Txispun! izeneko abestia duela gogoratu ondoren, zera zioen: “dena ez da saltxitxa ta pure”. Eta, zorionez, dena ez da trikipopa.