Bukatu da, akabo (dance remix)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko aza. 1a, 11:04

Ez dakit han egon nintzen, eta baldin banengoen, ez naiz ezertaz akordatzen. Baina litekeena da joan ez izana. Deloreanek Kabi tabernan eman zuen kontzertuaz ari naiz. Kepak dio 2002. urtean izan zela. Hala izango da, berak inork baino hobeto jakingo du, kontzertua berak antolatu zuen eta. Baina ni, behintzat, ez naiz akordatzen.

Gogoan dut, bai, Getariako Ketarrin eman zuten kontzertu bat. Gogoan dut Ladis Rivas zegoela atean. Gogoan dut sartu ginela eta trago bat atera genuela. Gogoan dut Ladisek aretotik aterarazi gintuela, sarrera ordainduta berriro sartzeko. Eta gogoan dut zenbateko izerdia bota nuen. Ez dakit zer urtetan izango zen, baina denboran Kabiko kontzertutik hain urrun ez zen izango. Dantza musika egiten zuen pop-rock-punk taldea zen artean, eta The Cure talde britainiarraren eragina, adibidez, nabarmena zen.

Ordutik etengabe aldatu zen taldearen estiloa. Geldirik egoteko asmorik gabe, dantza munduan zanbulla egin zuten zarauztarrek. Dance music dela hemendik, house handik eta Balearic beste puntatik. Musika elektronikoari dagokionez, ezjakin osoa naiz (Mudhoney talde estatubatuarraren punk garajeroa dut soinu banda hau idazten dudan unean), baina beti jarraitu dut interesarekin Deloreanen musika.

Baita beraien kontzertuetara joan ere. Batzuetan aspertu egin naute, adibidez, Azpeitiko Sanagustinen eman zuten kontzertu batean (aretoko soinua terriblea zen garai hartan). Mikel Laboa proiektuaren hastapenetan, Donostia 2016 bluff haren barruan, Pasaiako Albaolan eman zuten kontzertu abstraktua entzun nuen, baita Laboaren diskoa atera ondoren, biraren hasiera aldera, Hernanin emandakoa ere. Eta Laboarekin errepikatu egingo dut abenduaren 7an Dabadaban emango duten kontzertuan.

Abuztuan Zumaian izan ziren, Dardara musika kolektiboak antolatutako Dardara Fest jaialdian. Susmoa daukat antolatzaileak potrotaraino jarri zituztela egindako eskakizunekin, baina nik, behintzat, gozatu egin nuen. Aurrez ere izan zen Zumaiara ekartzeko beste aukera bat, santelmo batzuetan. Baina garai hartan musika elektronikoa ez zegoen hain ondo ikusita giro batzuetan, ez zen hain “autentikoa”, eta haien ordez talde heavyren bat ekarri zuten. Hura bai benetakoa! 

18 urteko ibilbideari amaiera eman diote. Niri pena eman dit agur horrek. Batzuen ustetan, taldearen diskurtsoa agortuta zegoen. Ez dakit hala den, baina Mikel Laboa diskoa beraien onenetakoa iruditzen zait. Donostiako jenioaren musika kantaldien eta kantuzaleen esparrutik harantzago eraman daitekeela erakutsi dute, bere garaian Bidehutseko familiak Txinaurriak diskoarekin erakutsi zuen bezala. Horrexegatik bakarrik, eta beste hainbat arrazoirengatik, nire santoralean lekua izango dute.