Zinemaldia: hiru eszena

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko urr. 1a, 11:00

Donostiako Zinemaldia glamourrarekin, zine izarren distirarekin eta, onar dezagun, beste inoiz ikusiko ez genituzkeen pelikula tajikistandarrekin lotu dezakegu. Baina badaude jaialdi honi lotutako beste une batzuk: estresa, nekea edo haserrea, besteak beste. Hiru eszenatan laburbiltzen saiatuko naiz.

1. Barrualdea. Igande goiza. Gizonezko bat kafe kikara eskutan duela ordenagailu aurrean esertzen da.

Urteroko legez pelikulen izenburuak, egunak, aretoak, ordutegiak eta iraupenak apuntatuta ditudan paperarekin jarri naiz ordenagailu aurrean, sarrerak erosteko asmoz. Erlojua begiratu, goizeko 9ak direla ikusi eta Zinemaldiko orrian sartu naiz. Alferrik. Ni bezala, beste milaka lagun sartu dira une berean eta sistema ez da gai izan eskaera guztiei erantzuteko. Mezuak orritik ez irteteko dio, ilara birtual batean nagoelako. Arnasa sakon hartu, mihi puntan dudan biraoa irentsi, eta nabigatzailean beste leiho bat zabaldu dut. Kutxabanken orrian sartu naiz... arazo bera topatzeko. Hor bai, hor eguneko lehen biraoa bota dut. “Kaka! Banoa bizarra kentzera eta dutxatzera. Joan daitezela denak popatik hartzera!”. Dutxatik bueltan, halako batean, sartu naiz sisteman eta erosi ditut sarrerak. Posta elektronikoz jasotzeko aukera erabili dut, baina ez zaizkit heltzen, eta urduri jartzen hasi naiz (bi egun geroago helduko zaizkit). Bitartean, nire haserrea eta egonezina partekatu dut sare sozialetan.

2. Kanpoaldea. Ostiral bazkalondoa. Aurreko eszenako gizonezkoa ilara luze batean dago areto kanpoan, eguzkipean.

Lehen pelikula eta lehen ilara. Sarrerak ez dira zenbatutakoak eta eserleku on bat lortzeko ordubetez egon behar da ilaran. Asiar jatorriko emakume bat hurreratu zaigu. “Barkatu, zer da hau? Sarrerak erosteko ilara?”. Ezetz dio aurrean dudan emakumeak, aretora sartzeko ilara dela esan dio. Asiar jatorriko emakumea zur eta lur geratu da. “Baina ordubete falta da-eta pelikula hasteko”, dio. Eserleku on bat lortzeko ilaran denbora luzez egon behar dela informatu dio beste emakumeak. “Orduan, egun batean lau pelikula baditut [badirudi hala dituela], beste lau orduz egon behar dut ilaran?”, galdetu du asiar jatorriko emakumeak asaldatuta. Ezin sinetsita aurrera eta atzera dabil. Ateak zabaldu dituzte eta bagoaz barrura.

3. Barrualdea. Larunbat arratsaldea. Areto barruan gaude eta aurreko bi eszenetako gizonezkoa pelikula bat ikusten ari da.

Tamalez, oraingo honetan ez dut pelikula ondo aukeratu. Jasangaitza da, baina, auskalo zergatik, ez naiz aretotik atera. Hobetuko delako itxaropena dut. Derrepentean, argi bat piztu da nire aurrean. Bi ilara aurrerago dagoen ikusle batek mugikorra piztu du, ez ordua begiratzeko eta tortura amaitzeko zenbat falta den jakiteko; ez, whatsappeko mezuak irakurtzen hasi da inongo disimulurik gabe. Lehen aspertuta nengoen; orain, berriz, haserretzen hasi naiz, kontzertuetan sumatzen dudan edukazio falta zine aretoetara heldu delako. Eta pelikula hau ez da inoiz amaitzen. Eta aurreko mozolo hori orain Facebooken sartu da. Eta...

Eta hau dena hala izanda ere, datorren urtean bueltan izango naiz... espero.