Patologia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko ira. 1a, 10:56

Ez naiz medikuntzan edo psikologian aditua (ezertan ez, egia esan), baina bildumazale izatea patologia moduan ikusi beharko litzatekeelakoan nago. Kaixo, Juan Luis naiz, eta bildumazalea naiz. Liburuak, diskoak eta komikiak erosten ditut. Lehen pelikulak ere bai, baina, zorionez, hortik libratu nintzen orain urte batzuk.

Idazleak, aktoreak, zinemagileak, komikigileak, argitaletxeak, musikariak, taldeak, diskoetxeak edo dena delakoak gustukoa baditugu, asko pentsatu gabe xahutzen dugu dirua haren/haien azken produktuak lortzeko, nahiz eta batzuetan disko/liburu/komiki kaskar ugarirekin amaitzen dugun. Berdin dio, bilduma osatu behar da. Egoera irrigarrietara edo, hobeto esanda, patetikoetara ere hel gaitezke batzuetan. Orain pare bat hamarkada, Bristoleko trip hop mugimendua puri-purian zegoenean, Trickyren lehen diskoa erosi nuen denek maisulantzat jotzen zutelako. Bada, ez zitzaidan gustatu. Hala ere, haren hurrengo diskoa ere erosi nuen, eta hurrengoa, eta hurrengoa... nahiz eta bat bera ere ez zitzaidan gustatu. Bosgarrenean esan nuen nahikoa zela. Orain hor ditut diskoak hautsa pilatzen (esan al dezaket Donostian eman zuen kontzertua ikusi dudan txarrenetakoa dela?)

Bildumagintzako nire azken balentria uda honetan gauzatu dut. Uztailean Lyonen, Frantzian, izan nintzen egun batzuk pasatzen. Paseatzen nenbilela, disko denda bat topatu nuen. Binilozko diskoak zituen erakusleihoan eta jakitun nintzen ezingo nituela erosi bidaietarako erabiltzen dudan motxila txikian sartzen ez direlako eta beste poltsa batekin agian hegazkinera sartzen ez zidatelako utziko. Hala ere sartu nintzen dendan eta diskoak bakarrik ez, komiki mordoa ere ikusi nuen. Lerde daiola hasi nintzen. Kaxetan begira, Jacques Tardi komikigile frantziarraren liburuak topatu nituen, eta haien artean azken urteotan bilaka nenbilen hura zegoen. Mugaren alde honetan agortuta dago. Bere momentuan argitaletxera deitu nuen ea nolabait lortu zitekeen, Interneteko saltokietan pelmada eman dut, bigarren eskuko dendatan galdetu dut, Madrilen denda zahar batetik bestera ibili nintzen, eta azkenean eskutan nuen. Arazo bakarra zegoen: frantsesez zegoen, logikoa den bezala, eta nik frantsesez ez dakit. Orriak pasa nituen, aurretik atzera, atzetik aurrera, ikuskatu nuen, ulertzen saiatu nintzen, baina ezin. Burumakur han utzi nuen..., hurrengo egunean berriro pasa nintzen arte. Ausart egin nuen aurrera, komikia hartu nuen (nirea zen!) baita aldamenean zegoen egile beraren beste bat ere, hura ere frantsesez. Ordaindu (“Bonjour!”) eta harro atera nintzen dendatik besapean bi komikiak nituela. Eskuinera egin, 20 bat metro ibili eta kontzientzia oihuka hasi zitzaidan: “Zer egin duzu orain ere!?”. Orain hemen ditut komikiak aldamenean, itzuli nintzenetik ukitu gabe, halako batean eta esfortzurik gabe frantsesa ulertuko dudalakoan.