Alde zaharra: garaiz al gaude joera aldatzeko?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko ira. 4a, 16:10

San Jose kalean bizi naiz, Zumaiako alde zaharretik hurbil, oso hurbil. Etxetik irten eta oinez bi minutura nago alde zaharrean. Eguneroko erosketak bertan egiten ditut, txikitan, gurasoek esanda, hala egiten nituen, edo hobe esanda, egiten genituen bezala.

Gogoan dut marmita hartu eta plazara esnea erostera joaten nintzela/ginela. Baita arraina, letxugak, patatak eta besteko berdurak erostera ere. Gogoan dut bospasei harategi zirela kale gutxi horietan. Urangaren zapata-denda ere han zen, Gajateren etxetresna elektrikoen denda, Rosiren tindategia, Sorazunekoa, Konfiterozarrenekoa, korteko izozkia erostera joaten ginen Bonifazionekoa (katua han izaten zen begira erakusleihoan), Urruzunoren denda, Matilderen arropa-denda, Artesania, Ajuriaren botika, mertzeria, pasteleria, fruita-dendak, bakailao-denda, aitarentzat tabakoa erostera joaten nintzen estankoa... Bizitza zegoen garai hartan alde zaharrean. Eta ez naiz ari orain mende bateko historiaz, ez naiz hain zaharra!

Pixkanaka ia denda hauek guztiak ixten joan dira, eta horrekin batera kale giroa ere laino artean joan da difuminatzen. Ditxosozko pelikularen zaleek argazkitan jaso duten Sanjuaniturriaren inguruan lehen hamaika denda zeuden. Orain bat bera ere ez dago. Ezta Harategiko eta Olazabal Idazkaria kaleetan ere. Zunbilo kalean Sasiainen harategia, oinetakoak konpontzeko denda eta Plazaola dentista daude; Kale Nagusian Arco Irisena, eta Foruen enparantzan, Eroskiren supermerkatuaze eta azokaz gain, Arkupe okindegia, estankoa eta Lisbonaren bordatuen denda. Listo! Luxiaren harategi-denda ere hor dago San Jose kalearen hasieran, baina, ai, larunbat honetan itxiko ditu ateak erretiroa hartuta. Ez dakit zuei, baina niri pena eman dit.

Orain ez dakit zenbat legealdi alde zaharra biziberritzeko asmoa izan zuen Udalak. Argiteria aldatu zuen, besteak beste, baina ez du ematen egindakoak arrakasta handirik izan duenik. Helburuak, behintzat, ez dira bete. Eta bide honetatik jarraituta, dendak, saltokiak ixten badoaz, eta ezer berririk ez bada egiten joerari buelta emateko, damu naiz ez garen berandu ibiliko. Hori bai, bisitarientzat eta bidea egiten ari diren erromesentzat postala polita izango da.