Slow Television edo treneko bidaia hipnotikoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko aza. 7a, 18:06

Ados, trenean joateak badu halako erromantizismo bat. Klank-klan klank-klan horrek kulunkatzen zaitu eta, liburua eskuetan, leihotik begira zoaz ametsetan. Baina, Bilbotik Zumaiara trenean bazatoz, erromantizismo hori popatik hartzera joaten da. Lehenbailehen atera nahi duzu tren horretatik.

Sarean begira nengoela bideo honekin egin dut topo. Bilbo eta Zumaia arteko bidaia jasotzen du; ia bi ordu jarraian, plano bakarrean, treneko kabinatik hartuta. Eta, nola esan, badu halako tono hipnotiko bat (musika kendu eta klank-klan klank-klan mantendu izan balute, hobe), badu zerbait.

Azken aldian Slow Television delako saioak jarri dira modan Eskandinavian: itsasontzi baten bidaia Norvegiako fiordoetan zehar, egurra erretzen duen tximinia baten irudiak, etab. Bidaia honek ere badu honen ukitua, etxeko sofako epeltasunean, tren bateko leihotik begira, ametsetan hasteko.