Kultura eta garraio publikoa: urtebete geroago

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ira. 13a, 22:00

Orain urtebete inguru zabaldu nuen txoko hau Baleikeko Komunitatean. Ordutik zenbait gauza idatzi ditut (‘gauza’ hitza nahita erabili dut), batzuk umoretsuak, bestea haserreak edo malaletxeak eragindakoak eta batzuk nik neuk azaldu ezin ditudanak. 

Atzera begiratu dut eta ikusi dut denbora honetan idatzitako bigarren testua garraio zerbitzu publikoaren, edo, hobe esanda, zerbitzu horren eskasiaren ingurukoa zela. Festetan autobus edo tren bereziak jartzen baziren, kulturarekin lotutako ekitaldi, jaialdi edo dena delakoetan (Jazzaldia, Donostiako Hamabostaldia, Zinemaldia, etab.) instituzioek zergatik ez zituzten jartzen galdetzen nuen. Urtebete igaro da eta ezer gutxi aldatu da. Ez dut esango ezer ez denik aldatu, izan ere, ikusi dut Lasarte-Oriako Hipodromoan egingo den Donostia Kutxa Kultur Festibaletik itzultzeko gaueko tren bat jarri duela Euskotrenek. Bat diot bat delako. Beno, ez da guztiz egia: bi izango dira, eguneko bat, goizaldeko 4:30ean. Gehiago ere jartzea izango zen, baina, ez naiz kexatuko. Zerbait jarri dute behintzat.

Eta, galdetzen dut: zergatik badago tren publikoko zerbitzua jaialdi honetatik itzultzeko eta ez da egon Donostian egin diren Jazzalditik eta Hamabostalditik bueltatzeko? Zergatik badaude tren bereziak Donostiako su artifizialetatik itzultzeko eta ez hemendik astebetera hasiko den Zinemalditik etxera etortzeko? Zergatik badaude busak Azpeitiko saninazioetatik edo Zarauzko Euskal Jaietatik itzultzeko eta ez, Zumaiara behintzat, Errenterian egingo den Atlantikaldiatik bueltatzeko? Zein dira irizpideak zerbitzu publiko gehiago jartzeko? 

Ai, zeinen ederra den kultura hitza erabiltzea! Nola betetzen zaigun ahotsa ‘k’ hizkiarekin hasten den hitza ahoskatzen dugunean! Kul-tu-ra. KUL-TU-RA. Han non agertzen diren gure agintariak kamera aurrera kulturarekin lotutako aurkezpen bat dagoenean. Zein eder agertzen diren egunkarietako argazkietan eta telebistako irudietan, herritarrei eskaintza kulturalaz gozatzeko proposatzen behin eta berriro. Hori bai, sosak jarri behar direnean zerbitzu publikoa areagotzeko herritarrok beraiek hainbeste goraipatzen duten kulturaz gozatu dezagun, han non desagertzen diren planotik gure agintariak. 

Goizean twitterren sartu naiz, ‘zumaia’ hitza sartu dut bilatzailean eta han aritu naiz bila, ea webgunera ekartzeko zerbait berezia aurkitzen nuen, harraldeko eta labarretako irudiez aparte. Eta han aurkitu dut Miguel delako batek goizeko 06:08an Lurraldebusi idatzi dion txio hau. Zinemaldia dela eta zerbitzu berezirik jarriko ote duen galdetu dio. Erantzunik jaso ote du? Ba hau idazten dudan orduan (22:00etan), ez. 

Eta malaletxean jarri naiz, tamalez, nire izaeran nahiko normala dena.

Agintari batzuen ustetan Zumaia (eta eskualdeko beste herriak) San Sebastian Region delako ente horren parte bagara, zer da? Beraiek bidaltzen dizkiguten turistak jasotzeko? Aldeano batzuk bagina bezala? Autobusak ere prestatu dituzte horretarako eta. ¡Conozca la ermita donde se casaron Rafa y Amaia! ¡Visite la playa donde Daenerys posó su mano! ¡Todo por el módico precio de XX€! Hori bai, San Sebastian Regioneko bizilagunak omen garenok San Sebastianera joan nahi badugu (Donostia erabiltzen ez dutenez, ba San Sebastian erabili dezagun. Gora euskararen erabilera turismoan!) bertako kultur eskaintzaz gozatzera, zergatik jarriko diegu aldeano hauei gaueko zerbitzu bat beraien etxeetara bueltatzeko? Etor daitezela kotxez eta, hala, (ordainpeko) aparkalekuetan sartuko dituzte beraien ibilgailuak. Enpresarioak, ostalariak, gustura eduki behar ditugu, nola ez, ekintzaileak dira eta. Zenbateko aberastasuna ekartzen duten ekintzaile hauek gure lurraldera.

Badakit alferrikako borroka dela hau, sorpresa handirik ez bada behintzat, aldaketarik izango ez delako. Kieto, agian Zinemaldikoei zera proposatu beharko zaie: bota su artifizialak eta saldu izozkiak saio bakoitzaren aurretik. Agian, horrela, gure agintariak tren bereziak jartzera animatuko dira, aldeanoak beraien etxeetara segurtasunarekin eta poltsikoa xahutu gabe itzultzeko.