Gustura, lagunez inguratuta

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 21a, 08:21

Ilusio handiarekin zabaldu nuen Facebookeko kontua, aro sozial honetako kide izan nahi nuelako. Kontua ireki eta berehala nire ezagunei lagun bihurtzeko gonbidapena bidali nien. Arrebari ez, ez dugu eta traturik. Beno, berak ez du nirekin hitz egin nahi. Ez dit barkatu oraindik kotxea txikitu izana. Beraz, Abaltzisketako bi lehengusuei idatzi nien. Batak berehala erantzun zidan; besteak gaizki izango zuen ordenagailua edo Internet ez zitzaion etxera helduko, ez zuen eta ezer esan.

Tabernan egunero aurkitzen ditudanei ere komentatu nien hori, Facebooken nengoela, sare sozialen mundu honetan egotea beharrezkoa zela eta hori guztia, eta beraien lagun izan nahi nuela. Baina ez zuten muturra beraien edalontzietatik altxa ere egin. Zertarako? Hauek ez dute San Miguelen etiketa ez den beste ezer irakurriko.

Eta ilusioa tristura bihurtu zen. Sistemak noizean behin izen batzuk proposatzen zizkidan, lagun izateko aukerak zirelako, eta denei bidaltzen nien gonbidapena, baina alperrik, inork ez zidan erantzun. Kontua ireki eta hilabete batzuetara hamar lagun nituen: Abaltzisketako lehengusua eta bederatzi neska, despanpananteak, hori bai. Denak nire herrian bizi omen ziren, nahiz eta inoiz ikusi ez ditudan, eta denek nirekin oheratu nahi zuten. Nik prest nengoela esaten banien ere, inork ez zuen etxeko tinbrea jo. Ezta lehengusuak ere.

Halako batean egoerari buelta emateko neurriak hartu nituen. Bigarren kontu bat ireki nuen, beste izen batekin, eta lagun izateko gonbidapena bidali nion nire beste kontuari. Eta baita onartu ere. Egia da gero pixka bat pasatu nintzela... hamar kontu sortu nituelako. Denak lagun bihurtu ginen, baita taldea sortu ere. Katuen bideo bat edo Paulo Coelhoren esaldi sakon bat sartzen nuenean, berehala jasotzen nituen ‘atsegin dut’ pila bat.

Gero atrebentziekin hasi nintzen. Herriko izena duen kontu batean sartu ginen talde osoa. Ilunabarrean hondartzan ateratako argazkia sartu eta han aritu ginen esanaz argazkia sekulakoa zela. Ezezagun batek idatzi zuen esanaz argazkia oso txarra zela, desenfokatuta zegoela eta erabat pixelatuta. Zer jakingo ote zuen sasiargazkilari hark. Taldeko batek bere lekuan utzi zuen. “Potruak badituzu kalean egingo dugu topo eta bi osti emango dizkizut”, erantzun zion. Isilik dago ordutik. Herriko egoeraren inguruan sortzen diren debateetan ere sartu gara eta denei erakutsi diegu ideia putarik ez dutela.

Eta halaxe nabil, gustura, lagunez inguratuta, aro sozial honetan. Ze, lagunak izatea behar-beharrezkoa da.