Eta hor pentsatu nuen: listo, nahikoa da

Erabiltzailearen aurpegia

Behin eta berriro errepikatzen dut: ez dut disko gehiagoren beharrik (diskoaren ordez liburu, pelikula, komiki edo dena delakoa jar daiteke). Nahikoa musika daukat etxean, CDtan, LPtan eta kasetetan, nahiz eta azken hauek ganbarako junglan non egongo diren ideia handirik ez dudan. Mundu hau utziko dudan momentura arteko minutu ia guztiak musikaz betetzeko adina material badut. Eta hori hala bada ere, beti erortzen naiz tentazioan. 

Hasteko, Los Planetasek disko berria atera du orain hamar egun. Zazpi urte igaro dira aurreko diskoa atera zutenetik. Bitxia da talde honegatik dudan zaletasuna: 1994an atera zuten lehen diskoa, Super 8, eta, egia esan, ez nion kasu handirik egin, nahiz eta musika mota hori maiten nuen. Kanta solte batzuk gustatzen zitzaizkidan, baina ez nuen diskoa erosi. Ez hori, ez hurrengoak ere. Sekulako kritikak egiten zizkietela? Batere axola ez. Hori orain zazpi urte Una opera egipcia atera zuten arte. Zaletu askok itsasontzia utzi zuten une berean igo nintzen ni. behin eta berriro, Soy un pobre granaino tarareatzen egoten nintzen garai horretan.

Orain hilabete pare bat disko berria aterako zutela iragarri zuten, Zona temporalmente autonoma, eta nerbioso jartzen hasi nintzen. Diskoa entzuteko kristoren gogoa nuen. Aperitibo bezala, hiru single atera dituzte, horien artean Islamabad. Urteko hiru hilabete hauetan ez dut kanta hobeagorik entzun. Gerardo Tecé handiak Facebooken inork baino hobeto definitu du: 

Behin eta berriro entzun dezaket kanta hori; hipnotikoa da, adiktiboa. Diskoa pasa den ostiralean jaso nuen. Plastikoa kendu, azala, kontrazala, ertza aztertu, diskoa fundatik atera (bien! Binilo transparentea da!), tokadiskoan jarri, besoa poliki poliki diskoaren hasieran kokatu, bolumena igo eta han hasten da Islamabad monumentala. Zazpi minutu ondoren, kanta bukatutakoan, tentazioa sartzen zait: berriro jarriko al dut hasieratik? Ez! Entzun dezagun diskoa bere osotasunean. Eta agian ez da helduko lehen kanta horren mailara, baina diskoa ona, oso ona da.

Eta hor pentsatu nuen: listo, nahikoa da.

Igande goiza. Goiza baino goizago esnatu, oinetakoak jantzi eta ogi eta egunkariaren bila jaitsi okindegira. Etxera bueltatu, kafea jarri, egunkaria, beti bezala, atzetik aurrera irakurtzen hasi, kotilleoko eta kiroletako orriak, aspertuta, abiaduran pasa, kulturakora heldu eta, behealdean, labur bat: Deloreanek bere azken diskoa biniloan aterako du. Interesa pizten hasten zait. Binilo transparentea izango da eta 150 aleko tirada izango... ‘da.’-ra heldu aurretik ordenagailura bidean nago. Makina piztu, Delorean gugeleatu, orria non demontre egon daiteken maldizioka hasi, Facebooken perfila edo dena delakoa aurkitu, salmenta puntura joan eta DANBA!, diskoa erosi.

Egia da ez dudala Delorean lehen bezainbat entzuten. Izan nuen asko entzuten nuen garai bat eta onartu behar dut azken diskoek ez didatela hainbesteko graziarik egin. Baina, kontxo, biniloa transparentea da, ustez baino askoz merkeago zegoen eta 150 ale besterik ez zeuden. Edo hala jartzen zuen albistean: orain begiratu dut eta oraindik salgai dago. Kopia gehiago atera dituzte edo ez dituzte nik espero bezainbat jarraitzaile. Ez, behintzat, diskoaren formatu fisikoa nahi dutenak. 

Eta hor, berriro, pentsatu nuen: listo, nahikoa da.

Eta orduan Leon Benaventek 10 pulgada eta lau kantako EP bat atera duela jakin nuen...