Klank-klank klank-klank: Bi orduko tortura

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ira. 11a, 11:52

Bilbo asko gustatzen zait. Bale, bilbainadak gorrotagarriak dira eta bilbotarrak harroputz xamarrak izango dira, donostiarrak ñoñoak diren bezalaxe, eta zumaiarrak… (estereotipoak nonahi). Baina Bilbo hiri bezala oso ondo dago. Gustukoak ditudan gauza asko daude bertan. Baina, hala ere, gutxitan joaten naiz, kotxerik ez dudalako. 

Ez dakit gidatzen. Jostailuzko kotxe pila bat izan nuen txikitan, baina adina heldu zitzaidanean ez nintzen gai izan gidabaimena ateratzeko. Saiatu ere ez nintzen egin, egia esan. Beti ingurukoen kotxeez eta gidariez baliatu naiz (gorroneatu dut) desplazamendu bakoitzean. Donostiara egunargiz joateko (gauez beste gauza bat da, aurreko batean esan nuen bezala) arazorik ez dut garraio publikoari esker. Ez da inongo nobedadea tren eta autobus zerbitzuak asko hobetu direla urte hauek guztietan eta eskertzekoa, txalotzekoa, da hori. Baina Bilbora joatea bestelakoa da. Hitz gutxitan: tortura bat da. 

Edu Lartzangurenek Berriarako idatzi zuen erreportajea irakurrita etorri zait hau dena burura. Zumaiatik Bilbora garraio publikoan joateko trena besterik ez dugu, eta 80 kilometro inguru horiek egiteko bi ordu inguru behar dira. Kotxez 55 minutuan egiten den bidaiak trenez bi ordu irauten du. Bi ordu luze. Bi ordu amaigabe. Euskotreneko ordutegian ordu eta 47 minutu direla jartzen du, baina bizpahiru ordu irauten duenaren sentsazioa ez zaio inori joaten. Pazientzia galanta behar da Zumaiatik Bilbora trenez joateko, eta hori trenez bidaiatzea gustukoa dudala. Baina, ordu erdi pasa eta oraindik Elgoibarrera iritsi ez garela ikustean, ostras, eserlekuan ipurdia mugitzen hasten naiz, postura aldatzen. Bilbora trenez joan naizen gutxitan libururen bat eraman izan dut, baina ez, ez dago modurik, ez dago liburuko orrietan kontzentratzeko modurik. klank-klank klank-klank klank-klank. Aurrera doa trena, klank-klank klank-klank Eibarren ez-dakit-zenbat-geltoki dauden. klanl-klank klank-klank Ermuara heltzean Bizkaian sartzen gara eta oraindik ordubete luze falta dela ikustean, pazientzia agortu ez, ondorengoa dator. klank-klank Eta sekula ez nuen pentsatuko Bizkaia aldean hainbeste geltoki eta geraleku daudenik. klank-klank klank-klank Honezkero Castron izango gara gutxienez. Ah, ez, Berrizen gaudela. Makinista! Hemen ere geratu behar al zara? klank-klank klank-klank.

Ferrocarriles Vascongadoseko garaiak ekartzen dizkit burura, trenean ibiltzea abentura bat zenekoa. Bere momentuan Bidexpress izeneko tren bat ere jarri zuten. Estazio gutxi batzuetan geratzen zen eta horrekin hamar bat minutu gutxiago irauten zuen bidaiak. Hobekuntza ez zen asko igartzen, baina tortura laburragoa bihurtzen zuen edozer gauza ongi-etorria zen. Arazo bat zuen, baina: Joanerako bidaian Zumaian jendea hartzen zuen; bueltakoan, ordea, ez zen Zumaian geratzen. Beno, bai, geratzen zen, Donostiatik zetorren trena estazioan sartu zain, baina ateak ez zituen irekitzen. Absurdoa. Euskotreneko ze luminariari okurrituko ote zitzaion?

Bilbora joan nintzen azkenekoetako batean Donostia-Zarautz-Bilbo linea egiten duen Pesaren autobusa erabili nuen. Etxetik irten, Zarautzerako autobusa hartu, suhiltzaileen geltokian eserita zain egon, busa hartu, Mendaro parean auto-ilara batean geratu istripuagatik, Elgoibarren beste auto-ilara, alboan nuen kubatarrarekin trafikoaz hitz egin, abiadura hartu eta Bilboko Termibusera heldu. Etxetik irten nuenetik Bilbora heldu nintzen arte: ordu eta 50 minutu. Trenez egiten den denboraren antzerakoa da, baina mugimenduarekin laburragoa dirudi; trenean eserita zoaz bi ordu luze horietan. klank-klank klank-klank. Bediak ere geltokia du?

AHT jarriko zutela esan zutenean pentsatu nuen lehen gauza izan zen: “Bilbora ordubetean joan badaiteke, bejondeiela!”. Baina ez dirudi hala izango denik. Bi ordu horiek ez dizkigu inork kenduko. 

Ondo dakit soluzioa ez dela erraza; inpotentziak eramaten nau testu hau idaztera. Ez noa oraingo honetan Denis Itxaso egurtzera (nahiz eta tentazioa beti izan), baina, benetan, ezin al da ezer egin zerbitzua hobetzeko? Bi ordu luze, bi ordu amaigabe behar al dira probintzietatik munduko kapitalera joateko?