2057: Odisea Erribera kalean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abu. 16a, 11:51

2057. urtea. Olagarro erraldoi batek, Krakenak, Zumaia suntsitu du. Houstongo Ertzainetxetik komando bat bidali dute gertaera ikertzera. Jon Andoni Ansuategi Roca, alias ‘Minipimer’, komandantea dago haren buruan.

Ansuategi Roca komandantea transmititzen hasi da:

09:37

"Houston, Houston, entzuten al duzue? Zumaian gaude edo… hobe esanda, Zumaia zegoen lekuan. Birrinduta dago dena, zizko eginda. Olagarroak sekulako txikizioak eragin ditu hemen. Bi azpiegitura bakarrik mantentzen dira zutik: porlanezko iturri bat eta eliza antzeko eraikin bat labarren gainean. Eliza antzekoa diot, ze neoizko kartel baten arrastoak daude oraindik teilatuan. "8" zenbaki handi bat ikus dezaket, baina kartela puskatuta dago eta ez dakit zer esan nahi duen. Auskalo zertan erabiliko zuten eraikin hau baina kartel horrekin ez dirudi eliza izango zenik. Ah, labarren azpian herensuge baten hezurrak ere aurkitu ditugu. Ez nekien dragoiak honaino heldu zirenik, baina olagarroak ondo digerituta utzi du". 

14:21

"Houston, Houston, hemen naiz berriro. Lehen esan dizuet bi azpiegitura besterik ez zirela mantentzen. Beno… esan dudana ez da guztiz egia. Erdigunean, adreiluen artean, horma bat ere tente mantendu da. Kolore arraroko pareta da eta hasiera batean ez du inpresio handirik egiten, baina… badu zerbait, erakarri egiten zaituena, tira egingo balizu bezala. Sentsazio arraroa sentitu dut gorputzean horma hori ikusi dudanean. Berriro diot ezer berezirik ez duela, paret xixtrin bat besterik ez da, metro karratu gutxikoa, baina kolore hori, kolore hori ez da normala. Hezur pila bat ere aurkitu dugu haren oinetan, ehunka lagunen hezurrak. Gurtza leku bat ote zen? Gogoan al duzue historia liburutan diotena, ilargian monolito bat agertu zenekoa? Ez al da antzerako zerbait izango? 

Josu Jon Ruiz de Otxandiano y Otezuri, alias ‘Euskaraz ikasten ari naiz’, kapitain zientifikoa bidali dut horma aztertzera. Bi IU-500 Duralex unitate eraman ditu berekin. Berehala hasi dira horma eskaneatzen eta datuak lortzen. Datuek, baina, ez dute inongo logikarik. Ezinezkoa da datuek diotena. Ez da posible, ezin liteke. Berriro aztertzeko agindua eman diet, baina bigarren eskaneoan datoak berretsi dituzte: horma horretan 13.685 pintura kapa daude! Batzuk kolore bizikoak, besteak planoagoak. Pauta hori milaka aldiz errepikatzen da. Urteekin, pazientzia pixka batekin eta pintura kargamentu galantarekin, lan hori egin daiteke, hala esango nuke, baina ez hilabete eskaseko epean! Ze hori da datuek diotena, 13.685 kapa horiek uda bakarrean margotu zirela! Ez dut ulertzen, fisika eta homeopatiaren lege guztiak hausten ditu. Berriro eskaneatzeko agindu diet. Gero beste behin, eta denetan datu berak eman ditu. Ulerkaitza da".

21:51

"Houston, Houston… hau ez dakit nola esan… zentzuzko pertsona bat bezala ikusten dut nire burua, baina… nola esan hau… horma deika hasi zaigu! Kanpalekuan afaltzen ari ginela, mugimendu arraroak nabaritu ditut atzealdean. Josu Jon Ruiz de Otxandiano y Otezuri kapitaina zen: Titanlux pote bat eskutan zuela horma dagoen tokira zihoan. Lau lagun behar izan dira geratzeko eta orain ontziko bodegan dugu kateatuta".  

23:12

"Houston, Houston, arazo bat dugu hemen, benetako arazoa… bai, larria… Hau ez da normala, ezin dut horma burutik kendu. Ahotsak entzuten ditut, deika ariko balira bezala, baina hemen bakarrik nago, ez dago inor. Zer? Zein ari zait hizketan? Ah, zu zara, han dagoela beste pintura pote bat. Non, hemen? Bai, aurkitu dut, brotxa ere bai. Bai, banoa, berehala izango naiz hor… Houston, transmisioa moztera noa… joan beharra daukat…. vamooooos!" piiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiii.