Memoriaz

Erabiltzailearen aurpegia Jose Castillo 2019ko eka. 30a, 08:51

Azken maiatzaren 1 honetan Vitoria 3 de marzo filma ikusteko aukera izan nuen, estreinaldi egunean, noiz eta langileen nazioarteko egunean. Data paregabea, zalantzarik gabe. Zuzendaritza eta gidoi aldetik, film paregabea da, bikain irudikatzen ditu 1976ko Gasteizko giroa eta testuinguru politikoa. 

Baina filma horretan gera zitekeen, Euskal Herriko langileen borrokaren istorioa ahalik eta modu fidelenean kontatzen saiatzen den film on batean. Baina, ez, filmak askoz gehiago egiten du, amaierako kreditu hunkigarrietan Gasteizen hildako sei langileen borrokari aitortza eta borroka horren beharra etorkizunera begira proiektatzen baitu, amaitu ez den zerbait bezala.

Berehala, Walter Benjamin filosofoaren Historiaren filosofiari buruzko tesiak etorri zitzaidan burura. Filosofo alemaniar-juduak historiako gertakizunak kontakizun hutsetik at, egun oraindik borrokan dauden kontakizun gisa ulertzen zituen. Bada, Gasteizen martxoaren 3 lazgarri hartan gertatu zena ez badugu guk geure egiten eta hedatzen, langileen hiltzaileen oinordekoek egingo dute. Horregatik dira hain garrantzitsuak halako filmak, gure historiaren jabe egiteko: “Behin gertatu zen porrotik ez da galdutzat eman behar historiararako”.