Duela urtebete gaurko egunez…

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Urbieta 2019ko ots. 28a, 10:23

Ezohiko otsaila izan da aurtengoa. Eguzkia lagun izan dugu egun gehienetan, baita tenperatura atseginak ere. Orain arte neguko egun gogorrenak dituen hilabetea izan ohi da otsaila, baina zer gertatu da? Gogoratzen zarete iaz gaurko egunez zein eder esnatu zen Zumaia?

2018ko otsailaren 28a askoen oroitzapenetan egongo da. Elurra mara-mara ari zuela esnatu ginen egun horretan. Bai egin ere! Irudi politak utzi zituen elurrak, Zumaia inoiz baino dotoreago zegoen, baina horrek ez du kentzen sortu zituen hainbat arazo: esaterako, garraio publikoetan. Jende asko gelditu zen lanera joan ezinik, eta kaosa handi xamarra izan zen.

 

Gaurko egunarekin zerikusirik ez zuen izan iazkoak. AEMETek (Meteorologiako Estatu Agentzia) estazio meteorologikoa du Zumaian, eta iazko datuak erreparatzeko kuriositatea izan dut gaur goizean. Esaterako, goizeko seietan gradu bat zero azpitik egon zen, eta gaueko hamar eta erdietan, berriz, 11,6 gradu. Haizearen abiadura 1,4 kilometro ordukoa izan zen, eta prezipitazioak (elurra kasu horretan) 10,5 milimetro (litro/metro karratuko). Gaur goizeko datuei begiratuz, goizeko seietan 8,3 gradu markatu ditu termometroak, haizearen 13 kilometro orduko abiadurarekin eta prezipitaziorik gabe. Eguna aurrera doan heinean tenperatura igo egingo da, baina agian ez da iritsiko atzo eta herenegun izan genituen maximoetara. Izan ere, 26 gradutara iritsi ginen bi egun horietan.

 

Pozik hartu ditugu egun eguzkitsuak otsaileko azken bi aste horietan, baina orain zer etorriko da? Udaberri eta uda euritsuak eta freskoak? Garaian garaiko eguraldia egitea da egokiena, baina aldaketa horiek guztiak ez dakit zerbait onik ekarriko duten.