Sare sozialetako gure profila eskela batean?

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Urbieta 2017ko aza. 10a, 14:03

Ezagun bati zera irakurri nion bere twitterrean: eskela batean hildakoaren ezizena jartzen den moduan, zer iruditzen sare sozialetako profila jartzen badugu?

“Falta dena!”, esango dute askoek. Ukaezina da gizarte erabat digitalean bizi garela egun,  eta horren ondorioa dela gure sare sozialetan islatzen dena. Alegia, gure bizitzako ispilu diren argazkiak, egoerak, istorioak... agertzen dira momentu oro. Askoen galdera izaten da baina, zer gertatuko da horiekin hil ondoren?

Sare sozial bakoitzak badu kasu horietarako gida. Horretarako, bere oinarrietan sartu behar da eta bertako aginduak jarraitu. Esaten dutenez ez da beti hain erraza izaten, eta noski hildakoaren pasahitzak eta abar beharko dira agian. “Auskalo!”, egia esan ez dut oraindik horrelako ariketarik egin.

Gainera, batek daki, baina agian, hildakoak ez du nahiko bere sare sozialak ixterik. “Pertsona alaia, jatorra eta langilea bezala gogoratzea nahi dut”, esaten dute askoek hil aurretik. Noski, urteak pasa ondoren beharbada ez da jendea horretaz oroituko. “Horretarako daude sare sozialak! Han begiratzea besterik ez dago”, aipatuko du beste batek.

Sare sozialetan, ez beti, baina normalean bakoitzak  nahi duena jartzen du bere profilean, beraz, bakoitzak islatu nahi duena agertuko da bertan. Hau da, betirako geldituko da norberaren bizitza moldea, argazkiak, pasadizoak... Bibiografia, azken finean.

Eskela jartzea tokatzen denean, beraz, jarraitzaileak izaten segitzeko aukera izan daiteke hildakoaren ezizenaren ondoan @xxx ipintzea. Pertsona horretaz ez ahazteko aukera bat izan daiteke, edo haren kontuak kotilleatzeko. Gizakia horrelakoa baita, azkenean, jakinminekoa.

Gaur egungo curriculumetan oso tipikoa da helbidearen, telefonoaren eta posta elektronikoaren ondoan Facebook eta Twitter kontuen helbidea jartzea. Enpresentzat, aukeraketa garairako, txibato ona omen da... Hasi beharko gara pentsatzen nolako eskela pertsonalizatua nahi dugun!

*Argazkia: wikipedia.